Tiloak plataformak deitoratu du ezkiak mozten jarraitzen dutela Nafarroa kalean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko urt. 23a, 12:30

Egoera salatzeko plazaratu duten oharrean udalari egotzi diote gobernatzeko modu "autoritarioa" duela eta obren planteamendua "zentzugabea" dela.

Nafarroa kaleko ezkiak babesteren aldeko Tiloak plataforma "triste eta haserre" agertu da aipatutako kaleko ur saneamendurako obren lehen faseak aurrera jarraitzen duelako Seitximeneta kalerantz. Plataformak ohar bidez kritikatu duenez, ur-saneamendu obren planteamendua "zentzugabea" da eta berau birplanteatzeko hainbat arreta-dei egin dizkiote udalari, "baina ez da entzuteko gai ere izan". Hori horrela, salatu dute "gobernatzeko modu autoritarioa" duela.

Halaber, kontraesankorra ere jo dituzte udalaren politika berdeak duela bi aste aurkeztutako Arboretum proiektua zuenean aipatuta: "Inguruko mendietan hainbat proiektu dituzten zuhaiztien babesle gisa aurkezten dute bere burua. Erosi eta landatu bai, hori egin dezakete, baina daukaguna, hortxe dagoena, eustearen aukera ez dute kontutan hartzen. Mendian kokatutako etorkizuneko zuhaitz hipotetiko horiek, arboretum, etiketatzen ahaleginak egin ditzakete, baina, gure kaleetako egunerokoa alaitzen diguten zuhaitzei buruz informazio didaktikoa jaso eta zabaldu ahal izateko ez dituzte babestu, etiketatu, edota katalogatu nahi". Horren harira, Tiloak plataformak irmo adierazi du zer nolako Zarautz nahi duen: "Herri berdea nahi dugu, eta ez asfaltoa inguratzen duen hesi berde bat!"

Horrez gain, plataformak salatu du ur-saneamendu obren barruan egindako ezki mozketak ez direla Nafarroa kalean egindako bakarrak izan: "Nafarroa kaleko bukaeran etxebizitzak eraikitzeko obretan, errotondatik gertu, basotxo bat osatzen zuten zuhaitz ugari moztu dituzte". Zentzu horretan, salatu dute udala ez dela zuzen aritu: "Zarauzko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren 7.3.12 artikuluan, edozein obrak ingurumen-integrazioa eta paisai-eragina kontuan hartu behar dituela azpimarratzen da. Areago oraindik, planak dio partikularrek egingo duten edozein jarduera ezartzeko garaian, udala izango dela egokitzat joko dituen neurri zuzentzaileak eskatuko dituena. Nafarroa kaleko kasuan, ordea, partikularrei irizpide on batez eskatzen zaien neurri zuzentzaileen ezarpena eskatzea ez dute bete".

Hori guztia aipatuta, plataformak orain arteko bideari eutsiko diola hitz eman du: "Aipatutako obra eta proiektuei arretaz erreparatzen jarraituko dugu; baita gure jardunaren eta planteamenduen berri ematen ere".