Armarri berria du Zarautz Rugby Taldeak

Zarautz Rugby Taldearen armarri berria.

Haymar Manzisidorrek diseinatu du eta triangelu forma eman dio. Hori bai, klubeko irudiaren esentzia den errugbi ateari eutsi dio.

Zarautz Rugby Taldeak jakinarazi duenez, armarri berria erabiliko du aurrerantzean. Joan den astean egin zuten aldaketa eta orain zehaztu dutenez, klubeko konfiantzazko pertsona den Haymar Manzisidorrena da diseinu berria. Bertan, aurrekoaren bereizgarri nagusia zen errugbi ateari eutsi dio, baina armarri itxura handiagoa emanda.

Hori horrela, triangelu forma du orain Zarautz Rugby Taldearen armarriak, eta klubaren sorrera ere urtea ere zehazten du: 1978, aldea Zarauzko Kirol Elkartean sartu aurreko klubaren sorrera data. Halaber, kolore-tonu horiari ere eutsi dio Mancisidorrek.

Klubak azaldutakoaren arabera, aspaldi zenbiltzan armarria berritu nahian irudia eguneratu eta digitalizazioarekin izan dituzten zailtasunei aurre egiteko: "Ibon Zinkunegi jokalari beteranoak eginiko hagen diseinuak ingurune analogiko batean zuen zentzua. Gerora, hainbat aldiz digitalizatu bada ere, beti arazoak eman ditu ingurune digitalean eta kirol-ekipamenduaren eta zaleen arroparen ekoizpenean. Horrenbestez, aldaketaren beharra ikusi dugu eta klubaren armarria eguneratu egin dugu, bizi garen mundu digitalarekin bateragarria izan dadin".