Aurrera jarraitzen du haur parkeak berritzeko bigarren faseak

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 7a, 17:00
Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotzia Duke Eneako parkean. (Zarauzko Udala)

Duke Enea eta Azken Kaleko parkeak eraberrituta, Urdaneta kalekoa eta Zelai Ondo auzokoa dira hurrengoak.

Haur parkeak berritzeko planaren bigarren fasea martxa onean doa. Zarauzko Udalak jakitera eman duenez, Duke Enea eta Azken Kaleko parkeko obrak amaitu dituzte jada, eta Urdaneta kalekoarekin hasi dira lanean. Datorren astean Zelai Ondokoarekin abiatuko dira. Azkenik, Kani Berrikoa geratuko litzateke planari amaiera emateko.

Iazko maiatzean esleitu zituen udalak herriko hamahiru haur jolas parke berritzeko lanak, Hags Swelek SA, Iplay Urban Design SL eta Jolas Electro Talleres Zarautz SA enpresei. Jarduera hori guztia aurrera eramateko 750.000 euroko inbertsioa egitea aurreikusi zuten.

Bi fasetan burutzen ari da lanak: 2022a amaitu bitartean zortzi parke berritu zituzten eta prozesua amaitzeko geratzen diren beste bostei urte hasiera ekin diete. Bost parke horiek berritzeko 257.603,88 euro bideratuko ditu udalak.