Nafarroa kaleko lanen alternatibak xehetuko ditu Tiloak plataformak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ots. 8a, 16:30
Hainbat ezki kendu dituzte dagoeneko Nafarroa kaleko aldeetako batean. (Jabi Gonzalez Toston)

Hainbat alorretako bost adituk herritarren galderei erantzungo diete bihar, eta saioa ahalik eta parte hartzaileena izatea nahi dute. Antoniano aretoan izango da, 19:00etan hasita.


Herrian zeresan handia ematen ari den Nafarroa kaleko ezkien auzian sakontzeko solasaldia antolatu du Tiloak plataformak bihar arratsalderako. Bertan, hainbat esparrutan adituak diren bost hizlarik emango dituzte azalpenak herritarren zalantzak argitu asmoz. Zehazki, ubide eta portuetako ingeniari bat, nekazal ingeniari tekniko bat, mendi ingeniari bat, arkitekto bat eta paisaia arkitekto bat izango dira parte hartuko dutenak.
 
Hasteko, arazoaren muinera joko dute, eta azalduko dute Nafarroa kaleko ur-saneamenduko obrak zertan datzan. Alegia, zergatik ari diren berritzen hoditeria eta zer den zehazki egiten ari direna.
Antolatzaileek azaldu dute, halaber, saioaren helburua dela bertaratzen diren herritarrei bururatzen zaizkien galdera guztiak egiteko aukera izatea edota egoera zehatzak mahaigaineratzea. Horregatik, hizlariek aurkezpen txiki bat baino ez dute egingo herritarren esanetara, haien kezketara, berehala jo ahal izateko.

Horrez gain, adibide zehatzeak ere emango dituzte adituek Nafarroa kaleko ezkien mozketa arrazoitzeko agintariek emandako argudioei erantzuteko. Horren harira, Leticia Eizagirre Tiloak plataformako kideak gogoratu du "udalak egindako baieztapenak gezurtatzeko" eskuorria argitaratu duela taldeak. Hain justu, bertan jasotako informazioa jorratuko dute batik bat, sakonago garatzeko asmoarekin.

Hori horrela, paisaia arkitektoak, esaterako, hiri-zuhaitzei buruz hitz egingo du zein motatakoak dauden eta duten garrantzia azaltzeko. Zentzu horretan, plataformako kideek diote herriguneko zuhaitzak direla Zarautzen beharrezkoenak aire garbia eskaintzen dutelako. "Eta are gehiago Nafarroa kalean, herriko eremu kutsatuena", azpimarratu dute. 

Harago ere joan da Eizagirre, bere aburuz, "ez du zentzurik ezkien ordez udareondoak landatzeak, etorkizunean arazo berbera sortuko baita. Izan ere, hoditeria berria aurrekoa zegoen toki berean jarriko dute".


"Alternatibak badaude"

Tiloak plataforma sortu zutenean kideen aldarrikapen nagusia zen obrak geldiaraztea eta ezkien mozketa ekiditea alternatiba posibleak egiaztatu arte. Bada, alternatibarik egon badela diote: "Nafarroa kaleko lurzoruaren datu zehatzak ez baditugu ere, egoera eta baldintza antzekoak izan ditzaketen tokietako ereduak baditugu, eta egokiagoak izan diren irtenbideak baliatu dituzte. Hemen ere egingarriak direla iruditzen zaigu".

Gainera, plataformako kideen arabera, Zarauzko Udalak aurrez ere egin ditu lanak espaloietan zuhaitzen sustraiak moztu gabe. Azaldu dutenez, "zoladura egokitu liteke bere kotetan lan eginda, eta egon badaude zoru goratuen sistemak ere sustraiak garatzeko lekua uztea ahalbidetzen dutenak". Horren harira, Europan gero eta zabalduago dagoen Stockholm landaketa sistema Zarautzen ere aplikagarria dela defendatuko dute. Sistemak egonkortasuna ziurtatzen die zuhaitzei sustraiak lurzoru barrurantz garatzea ahalbidetzen duelako espaloi eta bideak kaltetu gabe.

Tiloak plataformak bihar arratsalderako antolatu du hitzaldia eta galdera-erantzunen saioa. 19:00etan izango da Antoniano aretoan.