Iñurritzako etxebizitza babestuetan izena emateko prozesua irekiko dute laster

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko ots. 18a, 09:44
Xabier Txurruka alkatea, Iñurritzako Eguzki Izarra eremua atzean duela. (Zarauzko Udala)

Iñurritzako Eguzki Izarra partzelaren hegoaldean babestutako 60 etxebizitza eraikiko dituzte: babes ofizialeko 24 etxebizitza eta 36 etxebizitza tasatu.

Iñurritzako Eguzki Izarra eremuaren urbanizazio proiektuak urtarrilaren 24an jaso zuen onespena, eta Amenabar Taldeak aurkeztu du Udalean babestutako 60 etxebizitza eraikitzeko proiektua. Eguzki Izarra partzelaren hegoaldean kokatuta egongo dira: 24 babes ofizialekoak izango dira eta 36 tasatuak. Bi kasuetan, gehienak hiru logelako etxebizitzak izango dira, baina egongo dira bi gelakoak eta mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzako gordetako etxebizitza egokituak ere.

Esleipen-prozesuaren oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik, 30 egun naturaleko epean irekiko da esleipen prozesuan inskribatzeko aukera, eta Etxebiden izena emanda dauden herritarrek eta bizikidetza-unitateek sartu ahal izango dute zerrendetan. Horretarako, eskaintzaileek honako baldintzak bete behar dituztela azaldu dute Udaletik: Etxebiden alta emanda egon behar dute zozketaren oinarriak onartu ziren egunerako, eta Zarautzen erroldatuta egon behar dute, etengabe gutxienez bost urtez, edo etenaldiarekin, 10 urtez. Eskatzaileen 2021eko diru-sarrerak ere kontutan hartuko dituzte. Babes ofizialeko etxebizitzen onuradunen gehienezko diru-sarrera haztatua 39.000 eurokoa izango da, eta, gutxienekoa, 12.000 eurokoa. Etxebizitza tasatuen onuradunen gehienezko diru-sarrera haztatua, berriz, 50.000 eurokoa izango da, eta, gutxienekoa, 15.000 eurokoa.

Etxebizitzen gehienezko prezioa zein izango den ere zehaztu du Udalak. Babes ofizialeko etxebizitza garestienak 177.402,32 euroko prezioa izango du, BEZ gabe. Etxebizitza tasatuen artean, garestienak, aldiz, 258.377,27 euroko prezioa izango du, BEZ gabe. Etxebizitzarekin batera, garajea eta trastelekua gehitu beharko zaizkio prezio horri.

Eskaera

Iñurritzako Eguzki Izarra eremuko etxebizitza babestuetan izena eman nahi dutenek eskaera orria modu presentzialean aurkeztu dezakete Zarautz-Lurren bulegoan, Salegi kaleko 14. zenbakian. Horrez gain, Udalaren webgunean, egoitza elektronikoaren bidez, eskaera modu telematikoan egiteko aukera ere izango da.

Bizikidetza unitateko eskaera bakarra onartuko dute, eta dokumentazio guztia salerosketa kontratu pribatua sinatu baino lehen aurkeztu behar da.