Udalak 'Appa Zarautz' galdera-erantzunen aplikazioa sortu du gazteentzat

Aritz Mutiozabal 2023ko ots. 20a, 15:50
Sebas Zurutuza, Asier Aranbarri, Xabier Txurruka eta Iker Basurko, 'Appa zarautz' aplikazioaren aurkezpenean. (Zarauzko Udala)

Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren helburuak herriko gazteengana gerturatzea du helburu lehiaketak, eta CodeSyntax enpresak garatu du mugikorretarako. Martxoaren 1etik 18ra iraungo du, eta martxoaren 24an ekitaldi berezia egingo dute Modelon.

Zarauzko Udalak "apustu garrantzitsua" egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren helburuak gizarteratzeko eta bereziki gazteengana hurbiltzeko. Horretarako, Appa Zarautz izeneko galdera-entzunen aplikazioa sortu dute: CodeSyntax enpresak garatu du, Udaleko Proiektu Estrategikoen arloak hala eskatuta, eta dagoeneko eskuragarri dago plataforma guztietan.

Arrakasta itzela duen Egunean Behin moldeko lehiaketa izango da, eta herritarrek martxoaren 1etik 18ra parte hartu ahal izango dute, behin eskuko telefonora deskargatu ondoren. Dinamikari dagokionez, egunero zazpi galderari erantzun beharko diote, eta gaiak askotarikoak izango dira: herriko kultura, aisia, demografia, ingurumena, kuriositateak edo euskararen ingurukoak, besteak beste. Parte hartzaileen artean sari bat zozkatuko dute egunero.

Martxoaren 24an, egunez egun galdetegi guztiak erantzun duten 14 eta 25 urteko gazteekin amaierako ekitaldia egingo dute Modelo aretoan. Hor sari potoloagoak zozkatuko dituzte; besteak beste, herriko ostalaritza eta merkataritzan erosteko bonoak, esperientziak, abenturak eta hainbat produktu.

Aplikazioaren berri emateko kanpaina berezi bat jarriko dute martxan herriko ikastetxeetan eta kirol zentroetan, herriko gazteak parte hartzera animatu daitezen. "Tokiko agenda herritarrengana ailegatzeko ekimena da honakoa. Maiz zerbait urruna dirudiena gerturatzeko, eta pixkanaka-pixkanaka guztiok ezagutzen joateko, guztiok dugulako zer egina eta zer esana", azaldu du Iker Basurko Udaleko Proiektu Estrategikoetako zinegotzi eta Zarautz 2030en arduradunak.

Erakundeen arteko lankidetza

Gaur goizean aurkeztu dute Appa Zarautz lehiaketa aplikazioa Etxezabala aretoan, Zarautz 2030 Plan Estrategikoa garatzeko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Lehendakaritzako Berrikuntza Sozialerako Zuzendaritzarekin sinatutako itunaren ostean. Erakundeen arteko lankidetza eta elkarren arteko laguntza eskertu du Xabier Txurruka alkateak: "Hain zuzen ere, beharrezkotzat jotzen dugu halako gauza berritzaileak eta ekimenak martxan jartzeko".

Jaurlaritzako Trantsizio Sozialaren eta 2030 Agendaren zuzendari Asier Aranbarrik adierazi du haien helburu nagusia dela "2030 Agenda zer den esplikatzea. Dibulgazio lan egoki bat egitea, eta azken batean, agendaren inguruan proiektu zehatzak bideratzea". Bide horretan, fokua gazteengan jartzea garrantzitsutzat jotzen du.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Estrategiako zuzendari nagusi Sebas Zurutuza ere ildo beretik mintzatu da: "Gazteak erakarri behar ditu, etorkizuna haiengan dagoelako". Era berean, ikasketa prozesu bezala aukera egokia iritzi dio Zarautzen martxan jarriko dena, ondoren beste herri batzuetan aplikatzeko.