Malpika dorretxea, Zamudion. (Wikipedia)

Hona hemen Jesus Mari Olaizola Txiliku-k Urola Kostako Hitzaren Puntuka atalerako idatzi duen artikulua.

Era askotara adierazi ohi da: eztabaida, liskarra, errieta, iskanbila, haserrea, xextra, sesioa, borroka, guda, gerra… Hitz denek ez dute adierazten ika-mikaren kontzeptu maila bera, badira neurriak eta desberdintasunak eztabaidatik hasi eta gerraraino, baina oinarrian gauza bertsua adierazten dute: gatazka.

Gatazka nahiko erraz sortzen da: nahikoa dira bi oilar oilategi berean. Jo dezagun oilar horietako bati Putin deitzen diogula, eta besteari, Zelenski, eta eman dezagun bat sartu dela bestearen oilategian, eta kendu dizkiola aginte-lurrak (Krimea, Donetsk…). Bigarren oilarra, jakina, ez da isilik geratuko. Ez dago lehengusu errusiarraren gehiegikeriak jasateko tenorean. Bi oilar. Gatazka piztuta, eta edozein erokeria egiteko libre.

Ez naiz ni hasiko mundua nola konpondu behar den erakusten (Jainkoak guarda!), baina egin nahi nuke ohartxo bat gatazka ia gehienetan izan ohi den osagai bati buruz; su-piztaile edo endreda-makilei buruz ari naiz.

Esate baterako, lehengoa majadero totala zelako ondorengoa hobea izan beharko lukeen Biden jaunak, Ameriketako Estatu Batuetako agure goren eta zaharkituak, ez omen ditu ikusten begi onez Txina eta Errusia, itzal egin baitiezaiokete industria eta energiaren merkatuan. Hor aitzakia, Europan sua piztu eta bi oilar mokoka jartzeko. Bidal dezagun Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea (deitu OTAN) ahobero-lanak egitera, alarma soziala sortu, gerraren mamua gainean dutelako lehendik ere ipurdia estuturik dauden europarren lurraldean, bidali mezu militaristak, esan Errusiari ez zaiola ezer barkatu behar: boikota, zigorra! Eta zuek lasai, Errusiako energiaren beharrean bazarete, nik neuk salduko dizuet, ez kezkatu, eta, bide batez, armak ere salduko dizkizuet, zuei eta besteei. Zuek lasai. Bi oilarrak bakeatzen saiatu ordez, sua pizten… Endreda-makila.

Gatazketan su-piztailearen kontuak ez dira oraingoak; begira, bestela, Bilbo aldeko aspaldiko pasadizo bat. Oilarrak, bi: Abendañoko Joan eta on Tello, Bizkaiko Jauna. Abendañokoari Gaiztoa deitzen zioten, arrazoiz (lehengusu bat bizkarrez sastakatuz bilakatu zen Bizkaiko Jauntxoen jauntxo). Bestea, on Tello zeritzana, Gaztelako Alfontso XI.aren sasiko semea omen, ezkontza bidez (Jaurerriko andere goren Larako Joanaren senarra zen) Bizkaiko jaun bilakatua. 

Euskal Herriko XIV. mendeko jauntxoen arteko gatazketan Zamudion Malpika dorretxea erdigune hartu, eta borroka bizian ibilia zen Abendañoko Joan hori, Bilbo hiriaren aurka batik bat, baina politikak eta bizi-beharrak halaxe aginduta, on Telloren eskuineko besoa izatera iritsi zen, jakina baita otsoa ez dela otsokiz elikatzen, eta nahiago izaten duela etsaiarekin elkartu norberaren boterea galdu baino. Dena dela, gauzak ez zitzaizkion nahi bezala atera Abendañoko jauntxoari.

Lope Gartzea Salazar historiagileak dioenez, 1356. urtean, Bilbo hiriko jauregi barruan, on Tellok hilarazi zuen Abendañoko Joan, eta etxeko leihotik behera jaurti hil ondoren «porque fazía muchas osadías en Vizcaya e no preçiava nada al Señor». 

Muinean, ordea, beste kontu bat zegoen. On Tellok ehiztari ausartzat omen zuen bere burua, eta dozena bat basurde oldarkor ekarriak zituen Bilbora erakustaldi bat emateko. On Tello zaldi gainean haiek menderatzera sartu zen herriko plazan, baina zaldia izutu zitzaion eta ezerezean geratu zen erakustaldia. Abendañokoak esan omen zion uzteko zaldia eta berak menderatuko zituela basurde menderaezin haiek. Eta halaxe egin, hain gogorra omen zen Zamudioko gure jauntxo hori, ezen ezproiak zaldiaren saihespetan iltzatuz, zaldia zutiarazi eta basurdeen artean borrokatzera behartu baitzuen.

Momentuz horrela geratu zen gauza, baina badirudi une lotsagarri horretan on Tellok entzun ez zituen mespretxuzko hitzen batzuk esan zituela Joan Abendañok. Jauregiratu zenean, on Tellok izan zituen inguruan hainbat su-piztaile, esan ziotenak barkaezinak zirela harroputz hark esan zituenak, eta denen artetan endreda-makilarik handiena Pero Roiz Lezamakoa izan omen zen. Itxuraz, abendañotarra aspaldian omen zebilen Lezamako horren emazte Elvira «que era mucho fermosa e loçana» bereganatu nahian. Esandakoa: nahikoa bi oilar eta su-piztaile bat gatazka pizteko. Eta gure oihua: gerrarik ez! Eta su-piztailerik ere