Martxoaren 22an amaituko da Eguzki Izarreko etxebizitza babestuetan izena emateko epea

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mar. 17a, 11:00
Eguzki Izar eremuan egiten ari diren obrak. (Aritz Mutiozabal)

Herritarrek izena eman dezakete Salegi kaleko 14. zenbakian kokatuta dagoen Etxebizitza bulegoan edo, elektronikoki, Zarauzko Udalaren webgunean.

Eguzki Izarra eremuan 60 etxebizitza babestu eraikiko dituzte; 24 babes ofizialekoak izango dira eta 36 tasatuak. Hala, Zarauzko Udalak jakinarazi du martxoaren 22an, datorren asteazkenean, amaituko dela eremu horretako babestutako etxebizitzen zozketan izena emateko epea. Zarauzko Udalak azaldu duenez, orain artean, izena ematea "ona" izan da, eta, dagoeneko 679 eskaerak jaso dituzte.

Herritarrek izena eman dezakete Salegi kaleko 14. zenbakian kokatuta dagoen Etxebizitza bulegoan edo, elektronikoki, Zarauzko Udalaren webgunean. Zehaztu dute bizikidetza unitateko eskaera bakarra onartuko dutela, eta zozketan parte hartzeko derrigorrezkoa da Etxebiden izena emanda eta Zarautzen erroldatuta egotea.

Zozketa apirila bukaeran izango dela aurreikusten da.

Gehienezko prezioa

Etxebizitzen gehienezko prezioa zein izango den ere zehaztu du udalak. Babes ofizialeko etxebizitza garestienak 177.402,32 euroko prezioa izango du, BEZ gabe. Etxebizitza tasatuen artean, garestienak, aldiz, 258.377,27 euroko prezioa izango du, BEZ gabe. Etxebizitzarekin batera, garajea eta trastelekua gehitu beharko zaizkio prezio horri.

 

Erlazionatuak