Estereotipoak hausten

Andrea Zipitria 2023ko mar. 18a, 09:05
Leire Ruiz Arruti, Monte Albertian.

Betidanik, estetika gisa ikusi izan da makillajea, baina artea ere bada Leire Ruiz Arrutirentzat. Irakaslea da egun, eta Youtubeko kanal bat sortu du. Hainbat aktore ezagunekin ari da lanean. Gipuzkoako Hitza astekariko erreportajea da honakoa.

Astelehen buruzuri bat da. Euria dago iragarrita, baina, oraingoz, zeruak ez du itxura txarrik. Hego haizeak eragiten duen zirrara horrekin, txirrina jo eta berehala atera dira kalera ikasleak Zarauzko Monte Albertia ikasketa zentrotik. Geletako batean, ordea, argia piztuta dago oraindik. Atea jo, eta irribarretsu ireki du Leire Ruiz Arrutik (Zarautz, 1992), makillaje brotxak eskuetan dituela. Ruiz irakaslea da Monte Albertia zentroan. Makillaje profesionala eta karakterizazio arloko ikasketak irakasten ditu, eta azken hilabeteetan ezagunak egin dira hark sortutako bideo batzuk; hain zuzen, Youtube plataforman kanal bat ireki du. Bertan, makillaje ezberdinak nola egin azaltzen du, pausoz pauso; batzuk zailtasun handikoak dira, eta beste batzuk, etxean egiteko errazagoak direnak.

Guztiak ala guztiak euskaraz ekoiztuak dira. “Azken finean, euskara da nire ama hizkuntza, eta garbi nuen Youtuben ere hala jardungo nuela”. Dena den, zehaztu du hasieran asmoa hori bazen ere, sare sozialen bidez “hainbat atzerritar” jarri direla berekin kontaktuan, egiten duen lana goraipatzeko. Haatik, gaztelaniazko azpitituluak dituzte bideoek, eta bat edo beste ere egin izan du hizkuntza horretan.

Ruizek azaldu duenez, lagunekin zegoen arratsalde batean otu zitzaion ideia. “Jendaurrean aritzea eta hezkuntza arloa asko gustatu izan zaizkit betidanik, eta biak uztartzeko aukera nuela ikusarazi zidaten lagunek, Youtuberen bitartez”. Hala ekin zion bideari.

Izaera berritzailea

Ruizek gaztetatik eduki izan du izaera berritzailea, “artearen ikuspegitik”. Donostiako Usandizaga institutuan ekin zion sormen ibilbideari, batxilergo artistikoarekin. Urte horietan ikasitakoak “are gehiago” bultzatu zuen artearen munduan sakontzera, eta joera hark Leioan (Bizkaia) EHUko Arte Ederren fakultatera eraman zuen, Sorkuntza eta Diseinu gradua egitera. Pintura, marrazkigintza, musika, argazkilaritza, diseinua…, artearen adar guztiak zituen gustuko.

Baina, beste behin ere, lagunak izan zituen inspirazio iturri. “Niretzat, inauteriak ziren urteko festarik garrantzitsuenak; orduan nuen aukera sormena erabilita itxuraldatzeko. Pentsa, abuztuan hasten nintzen buruari bueltaka, hurrengo inauterietako mozorroa irudikatzen”, azaldu du. Mozorro guztiekin makillajean eta karakterizazioan jartzen zuen arretarik handiena. “Hori gustatzen zitzaidan benetan”.

Duela ia hamar urte, artista zarauztarrak zaletasun hori ez zuen ikusten lanbide modura, denbora-pasa modura baizik. “Kuadrillakoek esan zidaten Madrilen bazela horretan aritzen zen eskola bat, eta hor hasi zen nire bidaia”. Zarauztarrak ziurtatu du benetan gustuko zuen esparru bat aurkitu zuela Madrilera lekualdatuta: zinema edo, zehatzago esateko, filmetako makillaje eta karakterizazioa. 2016an joan zen Madrilera, eta Zinemarako Makillaje eta Karakterizazio diploma lortu zuen.

Ikus-entzunezkoen Goi Mailako Eskolan irakasle lanetan aritu zen ikasketak bukatu ondoren, eta azken urteotan hainbat film labur, film luze, bideoklip eta publizitate iragarkitan ere aritu da Ruiz makillaje lanetan. Horri esker, hainbat pertsonaia ezagunekin lan egiteko aukera izan du jada. Zarauztarrak berak Borja Luna eta Elena Furiase aktoreak aipatu ditu, besteak beste.

Aurpegi ezagunak marraztu

Bidea egiten hasita, Zarautz inguruan makillaje akademia bat ireki nahi du orain Ruizek. “Proiektua idatzi dut dagoeneko, eta, hainbat gorabeheraren ondoren, baiezkoa ere jaso dut. Baliabideak falta zaizkit orain”. Finantzaketa kolektibo bat jarri du abian finantzaketa faltari aurre egiteko, eta iritzi dio “uste baino erantzun hobea” jasotzen ari dela. “Herritar asko” ari zaizkio laguntzen, eta gehienak, gainera, “ezezagunak” direla azaldu du zarauztarrak. Oraingoz, helburutik “nahiko urrun” dagoen arren, 2.000 euro pasatxo lortu ditu jada.

Zailtasunak zailtasun, borrokan jarraitzeko indarrik ez zaio falta Leire Ruizi. Dirua biltzeko kanpaina eta Youtubeko kanala elikatzen jarraituko du aurrerantzean, baina, era berean, gizarteak makillajearen inguruan dituen “aurreiritzi okerrak zuzentzea” beharrezkotzat jo du. “Izan ere, makillajeak ez du generorik, eta ez da erabiltzen edertasun prototipo bat lortzeko soilik”, defendatu du zarauztarrak. “Artearen beste diziplina guztiak bezala, gauzak adierazteko bitartekari bat da makillajea”.