Aritzbatalde pilotalekua Laboral Kutxa Masterreko finalaren katedra bihurtuko da igandean

Aritz Mutiozabal 2023ko mar. 23a, 12:00

Atzo aurkeztu zuten txapelketaren finala Zarauzko malekoian, eta hainbat erakundetako ordezkariez gain, finalistak ere bertan izan ziren: Aldai-Mendizabal eta Arrizabalagi-Oses.

Amaia Aldai-Nora Mendizabal gorriz eta Olatz Arrizabalaga- Uxue Oses urdinez. Halaxe aurkeztu ziren atzo arratsaldean Laboral Kutxa Masterreko finala jokatuko dute bi bikoteak, Zarauzko malekoian egin zuten agerraldian. Hain zuzen ere, igande eguerdian izango dute hitzordu nagusia Aritzabatalde pilotalekuan, 12:00etan hasita; aurretik Etxegarai-Gaminde eta Larrarte-Arrillaga ariko dira jokoan.

Finalera iritsi diren bi bikoteak kalitate handiko txapelketako onenak izan dira, eta, hortaz, lehia oso parekatua espero da larunbaterako. Bizkaia Torneoan Arrizabalaga-Osesek tanto bakar bateko aldearekin gailendu ziren, baina Aldai-Mendizabalek ere badakite zer den elkarrekin txapela janztea, Nafarroako Foru Erkidegoko Torneoan irabazi baitute. Lehiakideek ere neurketa estua izango dela aurreikusten dute, eta faboritoaren etiketa kendu nahi dute soinetik, presio oro uxatzeko. Garbi dagoena da pilota ikuskizuna bermatuta egongo dela.

Atzoko aurkezpen ekitaldian, pilotariez gain,  Maria Jose Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Leire Arana,Zarauzko Kirol zinegotzia, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, eta Virginia Arana eta Josune Díez Laboral Kutxako ordezkariak izan dira. Guztiek bat egin zuten txapelketa honek emakumeen kirolaren garapenean duen garrantzian, eta zorte ona opa zieten finalistei.