Etxez etxeko langileek lortu dute hitzarmen propioa

Onintza Lete Arrieta 2023ko mar. 23a, 13:59
Hitzarmena eskatuz langileek eta herritarrek udaletxe aurrean egindako protesta baten irudia. (ELA)

ELA sindikatuak jakinarazi duenez, hiru urterako hitzarmena sinatu dute, eta besteak beste, soldata %19 igotzea adostu dute Eulen enpresarekin. Sindikatuak "langileek egindako lana" eskertu du, eta egindako mobilizazioen garrantzia azpimarratu.

Zarauzko etxez etxeko laguntzan jarduten duten langileek hitzarmen propioa sinatu dute Eulen enpresarekin. Hitzarmena hiru urterako sinatu dute, eta besteak beste, soldata %19 igotzea adostu dute. Hala jakinarazi du ELA sindikatuak ohar bidez.

Beste hainbat hobekuntza ere adostu dituzte: urteko lanaldia 50 ordu murriztea lortu dute; gutxieneko lanaldiak ezarri dituzte "partzialtasunari aurre egiteko"; kontratazioak arautzeko neurriak zehaztu dituzte; lizentziak eta baimenak hobetu dituzte; eta soldata osatuko dute gaixotasun arruntagatiko bajetan.

Sindikatuak nabarmendu duenez, "neurri horiek guztiek berebiziko garrantzia dute etxez etxeko sektorean. Izan ere, Zarauzko langileen baldintzen oinarrian estatuko hitzarmena zegoen, eta neurri asko hitzarmen horrek arautzen zituen", azaldu du. Hogeita sei langilek egiten dute lan une honetan etxez etxeko zerbitzuan.

Zerbitzua aurten lizitatuko da

ELAk azaldu duenez, Zarauzko Udalak azpikontratatutako zerbitzua aurten lizitatuko da, eta "zerbitzuaren kudeaketa beste enpresa baten eskuetan uzteko arriskua zuten langileek, euren lan baldintzak kinka larrian geldituz". Hitzarmenari esker, "euren lan baldintzak bermatuta izateaz gain, hobetu egingo dira datozen hiru urteetarako eta Zarauzko Udalak pleguetan txertatuko du hitzarmena, datorren enpresa datorrela, hitzarmen hori aplikatzera behartuz".

Bi urteko lanaren emaitza

Sindikatuak azpimarratu du langileek bi urte igaro dituztela bilerak egiten, antolatzen eta batzarrak egiten bai udalarekin, bai enpresarekin, hitzarmena lortu arte. "ELAk oso positiboki baloratzen du langileek egin duten antolaketa prozesua. Ezin dugu ahaztu sektore honetan lan egiten dutenak emakumeak direla eta euren borrokari esker lortu direla merezitako hitzarmenak".

Hiru mobilizazio egin dituzte udalari eta Eulen enpresari lan baldintza duinak eskatuz, eta garrantzia eman dio horri ELAk. "Argi dugu egindako mobilizazioek alde biei nolako presioa eragin diren. Gure ustez, langileen antolakuntza ibilbidea ezinbestekoa izan da hitzarmen hau lortzeko bidean eta, horregatik, Zarauzko etxez etxeko langileei zorionik beroenak eman nahi dizkiegu egindako lanagatik".