Gaur hasiko da igandera arte iraungo duen Txuleta Festa

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 24a, 09:15

Lege Zaharren enparantzatik abiatuko den kalejirarekin emango diote hasiera ekimenari eta 19:00etan irekiko dute Munoako karpa.

Zarauzko Arraun Elkarteak gaur hasiko du bere 40. urtebetetze festa. Munoan jarri duten karpan egingo dute ospakizuna eta hiru egun iraungo ditu, igandera arte luzatuko baita. Arraun taldeak udala eta Gesalaga-Okelan elikagai konpainia izan ditu laguntzaile eta txuleta izango da festako protagonista nagusia.

Hori horrela, 19:00etan zabalduko dute karpa eta bertso afariarekin emango diote ongi etorria. Andoni Egaña eta Oihana Iguaran arituko dira kantuan eta doakoa izango da ekitaldiko sarrera. Jatekoa eta edatekoa, ordea, ordainpekoa izango da eta karparen kanpoaldean egongo den leihatilan erosi beharko dituzte txartelak interesdunek. Prezioak ere zehaztu dituzte:

  • Jatekoa
    • Pintxoak: txistorra 2 euro, zezina 3 euro eta txuleta 4 euro
    • Errazioak: patatak 4 euro, kroketak (sei unitate) 6 euro, zezina 10 euro, eta txuleta 10 euro.
    • Txuletoia: 29 euro
  • Edariak: kafea 1,5 euro, freskagarriak 2 euro, sagardo txotxa (bost betealdi) 5 euro, sagardo botila 6 euro eta ZAEren ardo botila 10 euro.

Bi lehiaketa

Edonola ere, biharko eta etziko lehiaketak izango dira ekitaldi nagusiak. Bihar Maestros Parrilleros lehiaketaren bigarren edizioa egingo dute eta estatuko 52 parrilero onenak arituko dira baino nor. Irabazlea erabakiko duen epaimahaia honako kide hauek osatuko dute: Narru jatetxeko Gorka Irure, Elkano jatetxeko Aitor Arregi, Karra Elejalde eta Gorka Otxoa aktore euskaldunak, Axi Muniain surflari zarauztarra, Leire Martinez LODVG talde euskalduneko abeslaria, David Seco txirrindulari euskalduna, Ignacio Ameztoy zarauztarra, Gure Txokoa jatetxeko Jose Mari Mitxelena zarauztarra, eta beste hainbat aditu.

Igandean, berriz, Txuleta Festa Bandera Lehiaketa egingo dute. Bertan, herriko elkarte gastronomikoetako hiru ordezkarik puntuak eskuratu beharko dituzte parrillan eta ergometroan. Bi arloetan lortutako puntuen batuta gehien biltzen dituen elkarteak irabaziko du bandera. Igandean, era berean, aitortza egingo diete ZAEren 40 urteko ibilbidean klubean aritu diren presidente eta entrenatzaile guztiei.

Horrez gain, larunbat zein igandean, parrilan aritzen diren zenbait adituak doako formakuntzak eskainiko dituzte.

Erlazionatuak