Aritzbataldek Euskadiko jubenil mutilen eskubaloiko lauko finala hartuko du gaurtik

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mar. 24a, 10:00
ZKEren eskubaloiko jubenil mutilen taldea. (Utzitakoa)

Etxeko taldeak Bidasoa, Ereintza eta Pulpo izango ditu aurkari igandera bitartean, eta hiru onenek Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela lortuko dute.

Jubenil mailako mutilen Euskal eskubaloi ligako lau talde onenek elkarren aurka jokatuko dute gaurtik igandera bitartean Aritzbatalden. Irabazlea Euskadiko txapeldun izendatuko dute, baina ez da da jokoan izango duten sari bakarra; izan ere, lehenengo hiru sailkatuek Espainiako Txapelketa jokatzeko txartela lortuko dute.

Etxeko taldea, Gran Camping Zarautz, da lauko final hori irabazteko hautagai nagusia, bere zaleen aurrean jokatzeaz gain, lehen fasean puntu gehien bildu zituen taldea delako eta bigarren fasean partida guztiak irabazi zituelako B multzoan. Dena den, aurkari gogorrak izango ditu: Lehen fasean bigarren sailkatu zen eta A multzoko partida guztiak irabazi dituen BM Bidasoa, lehen fasean Zarautzen aurka berdinketa lortu zuen Zumaiako Creados Pulpo eta Errenteriako Ereintza Aguaplast.

Honako hauek izango dira gaurtik igandera Aritzbatalden jokatuko diren partiden ordutegiak:

  • Gaur, ostirala
    18:00etan.
    Creados Pulpo vs Ereintza Aguaplast
    19:30ean. BM Bidasoa Irun vs Gran Camping Zarautz

  • Bihar, larunbata
    16:00etan.
    Ereintza Aguaplast vs BM Bidasoa Irun
    17:30ean. Creados Pulpo vs Gran Camping Zarautz

  • Etzi, igandea
    11:30ean.
    BM Bidasoa Irun vs Creados Pulpo
    13:00etan. Gran Camping Zarautz vs Ereintza Aguaplast