Udalak bi semaforo berri jarri ditu herriko bi sarreretan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mar. 29a, 12:55
Hiruerreketa auzoko semaforoa. (Mireia Galarza)

Semaforo bana jarri dute Hiruerreketa auzoan jarri dute, Azpeitia bidean, eta Orio eta Zarautz lotzen dituen N-634 errepidean.

Zarauzko Udala, Mugikortasun Planaren barruan, herriko hainbat puntutan abiadura murrizteko neurriak hartzen ari da, eta herriko bi sarreratan semaforo bana jarri duela jakinarazi du: Bata Hiruerreketa auzoan, Azpeitira bidean, eta bestea Orio eta Zarautz lotzen dituen N-634 errepidean. Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak azaldu duenez,  Hiruerreketako bizilagunek denbora daramate semaforo bat jartzeko eskatzen, "errepidea igaro ahal izateko, eta bestetik, Zarauzko sarreran zirkulazioaren abiadura txikitzen laguntzeko. Horregatik, pozgarria da semaforoa jarri izana".

N-634 errepideko semaforoak ere "zirkulazio seguruagoa bermatzeko eta herriko sarreran ibilgailuen abiadura moteltzeko" asmoz jarri dute. "Izan ere, Talaimendi auzoa asko hazi da, eta ondorioz, inguru horretan lehen baino jende gehiago ibiltzen da orain", nabarmendu du udaleko Mugikortasun arduradunak.

Semaforo berriez gain, herriko beste hainbat puntutan zirkulazioaren abiadura murrizteko esku-hartze gehiago egiteko asmoa du udalak, "oinezkoek zein herriko txirrindulariek segurtasuna irabazi dezaten". "Zoritxarrez, oraindik ere ikusten ditugu axolagabekeriaz jokatzen duen gidariak; horiek arriskuan jartzen dituzte oinezkoak eta txirrindulariak, baita beren burua ere. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lanean jarraituko dugu abiadura murrizteko, gidatzean gizalegezkoak ez diren portaerak kontrolatzeko eta, azkenik, zigortzeko" gehitu du Basurkok.