"Etxebizitza larrialdiari" aurre egiteko Etxebizitza Plana prestatu du EH Bilduk

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko api. 7a, 13:51
Jon Arozena eta Itziar Murua asteazkenean udalbatzar aretoan egindako prentsa agerraldian. (Aiora Larrañaga)

Koalizioak uste du "etxebizitza larrialdiaren" konponbidea ez dela etorriko etxe berriak eraikita soilik. Horregatik, Etxebizitza Plana prestatu du, eta horren barruan Etxebizitzaren Udal Behatokia sortu nahi dute, "herriko gazteek eta ez hain gazteek herrian bizitzeko moduko etxebizitza politika diseinatzeko".

Asteazken eguerdian EH Bildu udal taldeak prentsa agerraldia egin zuen udaletxeko areto nagusian, herriak duen "etxebizitza larrialdi" egoerari  konponbidea emateko hartu nahi dituzten neurriak jakinarazteko. Itziar Murua koalizioko bozeramaileak azaldu zuen "etxebizitza oinarrizko eskubidea" bada ere, Zarautzen "ezinezkoa" dela hori bermatzea. "Azken urte hauetan Zarautzen etxe asko eraiki dira, baina horrek ez dio arazoari konponbidea eman. Herritar askok eta askok ezin dute etxe bat erosi edo alokatu Zarautzen, ez merkatu librekoak, ezta tasatuak edo babes ofizialekoak ere". Izan ere, uste dute eraiki diren etxebizitza berrien artean, babestutakoek ere "prezio oso altua" dutela; "tokatuta ere askorentzat ezinezkoa izaten ari da hori ordaintzea. Alokairuko etxebizitza babestuak ere aurreikusita daude, baina gure ustez ehuneko txikian, behar luketenarekin alderatuta", zehaztu zuen.

EH Bilduk uste du politika publiko "desegokiek" merkatuaren esku utzi dutela arauak ezartzea. "Ondorioz, etxebizitza faktore erabakigarria bihurtu da desberdintasuna areagotzeko garaian. Horregatik, iruditzen zaigu etxebizitza politikak birpentsatzea eta aldatzea ezinbestekoa dela", nabarmendu zuen Muruak. "Arazoaren irtenbidea ez da etxe berriak eraikita bakarrik etorriko; eraikitzeaz gain, beste neurri batzuk izango dituen Etxebizitza Plana prestatu dugu", jakinarazi zuen. Ildo horretan, koalizioak proposatu du neurri Etxebizitzaren Udal Behatokia sortzea.

Etxebizitza behatokia

Muruak azaldu zuenez, behatoki hori Zarautz-Lurrek egiten duen "etxebizitza babestuen kudeaketaz harago" joango da, eta ahalbidetuko du "gazteek etorkizuna herrian eraiki dezaten, horiek ordaintzeko moduko alokairuen eta hipoteken prezio bermatzen duten etxebizitza politikak egitea". Horretarako, udaleko alderdi guztiek eta teknikariek osatutako mahai bat sortzea nahi dute, "guztion artean, erantzunak bilatzeko, ezin baitugu oihaneko legearen arabera utzi Zarautzen etxebizitza bat eskuratzea", nabarmendu zuen Muruak.

EH Bilduko kide Jon Arozenaren esanetan, Behatokiak lau neurri zehatz aurrera eramatea proposatzen dute: Lur publikoa erabilera publikorako izatea; alokairurako etxebizitza gehiago eraikitzea; garatu gabeko eremuetako lurrak udalak eskuratzea, eta etxebizitza hutsak eta bigarren erabilerakoak merkaturatzeko neurriak bultzatzea".

Batetik, EH Bilduri "ezinbestekoa" iruditzen zaio "lur publikoa etxebizitza edo baliabide publikoetarako erabiltzea", Amillubin, esaterako, ez dute bat egiten etxebizitza pribatuak egiteko proposamenarekin. Gainera, uste dute "akats larria" dela "etxebizitza politika eraikuntza enpresen esku uztea".

Bestetik, koalizioko kideen iritziz, "diru publikoz lagundutako etxebizitzek, ahalik eta gehienek, alokairukoak" izan behar dute. "Badakigu gure herrian erosketaren kultura oso errotuta dagoela, baina egungo egoerak kultur aldaketa bat eskatzen du, eta alokairu publikoa lehenestea eskatzen du horrek".

Gainera, azaldu zuten Behatokiak "epe luzerako begirada" izan beharko duela, "etorkizuneko Zarautz marrazteko egoera lasaitasunez aztertu eta pausoak ematen joareko". "Horregatik, garatu gabeko eremuetan lurrak eskuratuko ditugu, etxebizitza sozialak eta udal zerbitzuak garatzeko aukera izateko".

Azkenik, Arozenak zehaztu zuen Zarautzen 2.900 etxebizitza inguru ez direla ohiko erabilerakoak. "Behatokiak horien azterketa sakona egin eta horiei buruzko datu zehatzak jasoko ditu, eta horiek merkatura ateratzeko neurriak bultzatuko ditu:  horiek alokairura atera nahi dituztenei onura fiskalak ezarriz edo Alokabideren bitartez etxe alokatzen duen etxe jabeari diru-laguntzak emanez".