Zarauztarrak kantatzera nahiz saioa ikustera gonbidatu ditu 'SOS Kantak Arriskuan' ETB1eko saioak

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 16a, 08:40
'SOS Kantak Arriskuan' saioko aurkezleak. (Pausoka)

Zarauzko balearenak izeneko abestia grabatuko dute herrian apirilaren amaieran. Aurrena ahotsen probak eta entsegua egingo dute, eta bi egun geroago izango da emanaldia, Lege Zaharren enparantzan. Parte hartu nahi dutenek aurrez antolatzaileei deitu beharko diete.

SOS Kantak Arriskuan ETB1eko saioa bigarren denboraldia prestatzen ari da, eta laster Zarautzera egingo du bisita. Euskal Herriko kanta zahar edo tradizionalen ondarea izaten dute hizpide saio horretan, "herrietan belaunaldietan zehar galdu diren abestiak herritarrei bueltatu ahal izateko". Zarautzi dagokionez,  1878. urteko abesti bat aurkitu dute "oso interesgarria"; Zarauzko balearenak deitzen da, eta abesti hori izango da herrian grabatuko dutena.

Aurrena, apirilaren 25ean, asteartea, ahotsak probatu eta entsegua egingo dute. 15:30etik 17:30era izango da hori, Frontoi Txikin. Handik bi egunetara, apirilaren 27an, osteguna, herritarrekin emanaldia egingo dute abestia kantatzeko. 21:00etan izango da hori, Lege Zaharren enparantzan. 

"Jendea animatu nahi dugu, bai kantatzera gerturatzeko, bai ikusle moduan hurbiltzeko", esan dute telebista saioko arduradunek. Parte hartu nahi dutenek aurrez telefono zenbaki honetara idatzi edo deitu beharko dute zerrendan sarteko: 688 63 69 67.