Errenta aitopena euskaraz egiteko deia egin du Zarauzko Udalak

Aritz Mutiozabal 2023ko api. 18a, 12:00

Iaz zarauztarren %25ak egin zuen errenta aitorpena euskaraz, eta goranzko joerari eutsi nahi dio. Errenta aitorpena euskaraz lelopean mezuak zabalduko ditu udalak webgunean eta sare sozialetan.

Apirilaren 3an hasi zen 2022ko errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina Gipuzkoako Foru Ogasunean, eta ekainaren 30era arte iraungo du epeak. Zarauzko Udalak, beste urte batez, errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin die herritarrei, eta helburu horretarako hainbat bide eta euskarri erabiliko ditu; besteak beste, Errenta aitorpena euskaraz lelopean mezuak zabalduko ditu webgunean eta sare sozialetan.

Inguruko herrietan bezala, Zarautzen ere gero eta herritar gehiago dira errenta euskaraz egitea erabakitzen dutenak. "Joera horri eutsi nahi diogu, gure herriaren egoera soziolinguistikoari dagokion kopuruetara iritsi arte. Iaz zarauztarren %25ak erabaki zuen errenta aitorpena euskaraz egitea", jakitera eman du udalak.

Errenta aitorpena euskaraz egiteko hainbat bide daude; hala nola, Internetez eginez gero, autolikidazio proposamena onartzean euskarazkoa aukeratu daiteke; eta ogasunaren bulegoetan edo gestoria baten bidez egiten bada, dagokion langileari adierazi dakioke euskaraz nahi dela.