400 ibilgailurentzako aparkalekua eraikiko dute Hegoalde eremuan

Aritz Mutiozabal 2023ko api. 25a, 15:40
Arregi pabilioiko industri-aurriak, Araba kaletik. (Aritz Mutiozabal)

Eusko Jaurlaritzak Arregi eta Manufacturas Zarautz pabiloien industria-aurriak eraisteko baimena eman dio Zarauzko Udalari. Proiektua aurki aterako dute lizitaziora.

Zarauzko Udalak herrian dagoen aparkaleku arazoari erantzun bat eman nahi dio; orain, are gehiago, Salberdin eta Eguzki Izar eremuan kokatuta egon diren aparkalekuak etxebizitzen eraikuntzara bideratu direnean. Hala, kokaleku berri bat topatu dute Hegoalde eremuan, Construcciones Metalicas Arregi eta Manufacturas Zarautz pabiloien industria-aurriak dauden tokietan.
 
Hain justu ere, udalak Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailaren baimena lortu du Bizkaia eta Araba kaleen artean kokatuta dauden bi pabiloien industria-aurriak behin deskutsatu ondoren eraisteko.
 
Xabier Txurruka alkateak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, udalak pabiloiak eraisteko proiektuak lizitaziora aterako ditu aurki, "Salberdinen egin zen bezala, 400 ibilgailu ingururi lekua emango dien aparkaleku eremu bat prestatzeko"