Zarauzko zuhaiztia kudeatzeko plan zuzentzailea onartu du udalbatzak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 9a, 10:40
klabelinsoro kaleko zuhaitzak. (Zrauzko Udala)

Oposizioa abstenitu egin zen, xede nagusiarekin bat etorri arren, ordenantza sortzea egokiagoa dela uste duelako.

Zuhaitzek zer esan handia eman dute azken urtean Zarautzen. Hori dela eta, udalbatzak Zarauzko Zuhaitzen Plan Zuzentzailea onartu zuen joan den apirileko osoko bilkuran. Helburua da herriko zuhaiztia kudeatzeko eredu berritua izatea, besteak beste, zuhaitz ondarea zaintzeko, hobetzeko eta zabaltzeko.

Horrez gain, zuhaitzek ingurumenean, herritarrengan eta herriko paisaian sortzen dituzten onurak areagotzea aintzat hartuko du plan zuzentzaileak; izan ere, herriko paisaian biodibertsitate handiagoa eta naturaltasun handiagoa sustatu nahi dute. Halaber, mantenu kostuak murrizteko baliabideak arrazionalizatzea ere aurreikusten du, baita herriko segurtasun handitzea ere, zuhaitzek sortu ditzaketen dituzten arriskuak murriztuta nahiz balizko arazo edo kalteak gutxituta.

Horretarako, "lehendabizi Zarauzko zuhaitzen inbentarioa egin zen, ondoren diagnostikoa eta jarraian, herriko zuhaitz arriskutsuen estudioa gauzatu zen", Patxi Elola Lorezaintza zinegotziak azaldu zuenez. Zehazki, Tecnigral SL enpresa izan da Zarauzko Zuhaitzen Plan Zuzentzailea osatu duena.

"Ordenantza egokiagoa"

Dena den, plan zuzentzaileak ez zuen jaso udalean ordezkatuta dauden alderdi guztien babesa; zeren eta, oposizioko bi taldeek, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, abstentziora jo zuten. Zentzu horretan, Oihane Delgado alderdi moreko bozeramaleak argudiatu zuen plana baino, zuhaiztiari buruzko ordenantza sortzeko aukera jarri nahiko lukeela mahai gainean datorren legealdiari begira, "azken hilabeteotan sentikor agertu direlako herritarrak gaiarekin".

Ildo beretik, Itziar Murua Zarauzko EH Bilduren udal taldeko bozeramaleak adierazi zuen egokiagoa litzatekeela hasierarik ordenantza egitea "plan zuzentzailea ez delako arau emailea. Jarraibideak ematera mugatzen da". Era berean, Muruak kritikatu zuen plan zuzentzailean jasotako xede nagusiak "oso azalekoak" direla. Edonola ere, egitasmoa ez oztopatzea erabaki zuten, "aurrez ezer ez zegoelako, eta herriko zuhaitzak eta berdeguneak zaintzeko helburu orokorrarekin bat egiten dugulako".

Udal ordenantza hori lotzeko helburuarekin, hain justu, sinadura bilketa jarri zuen abian joan den apirilean Nafarroa kaleko ezkiak babestu asmoz iaz sortu zuten Tiloak plataformak. Neurri zehatzak biltzen dituen proposamena helarazi nahi diote udalari, baina, horretarako, 2.400 herritarren babesa behar dute.