"Txapelketak erakutsi du badagoela indarra herrian"

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 16a, 09:45
Oier Aizpurua, kaskabiloa lepotik zintzilik, Kopla Txapelketa Herrikoian. (Utzitakoa)

Kopla Txapelketa Herrikoia jokatu zuten lehen aldiz larunbatean Hiruputzu gaztetxean, eta egun Algortan (Bizkaia) bizi den Oier Aizpurua (Zarautz, 1988) izan zen nagusi. Hark eskuratu zuen kaskabiloa.

Lehen aldiz jokatu da Kopla Txapelketa Herrikoia. Sekulako giroa izango zenuten herriko bertsolariok oholtza gainean elkartuta, ezta?

Egia esan, plazera izan zen. Niretzat, behintzat, hala izan zen, eta aitor dezaket lau haizetara. Uste dut guztiontzat izan zela plazera. Azken batean, herriko hainbeste bertsolari, musikari, aurkezle eta antolatzaile ikusteak erakusten du badagoela indarra herrian. Zalantzarik gabe, ederra izan zen.

Bertso Astean elkartu izan zarete, baita beste ekintza batzuetan ere, baina halako txapelketa batean herriko bertsolari gehientsuenak batzea historiko samarra izan da.

Ez nintzen horretan pentsatzen jarri, baina hala da, bai. Bertso Asteko Txepelketan izaten gara hainbeste pertsona, baina asteburuan bezala, bat-bateko saio batean eta denok batera, elkarrekin oholtza baten gainean... lehendabiziko aldia izango zen. Egia esan, oso argazki polita utzi zuen larunbatekoak.

Txapelketa izaten da, baina emanaldiak badu festa girotik, baita umoretik ere. Zer aldarterekin heldu zenioten bertsolariok saioari?

Txapelketatik baino gehiago du girotik eta umoretik. Azkenean, txapelketa hitza jarri diote, baina gehiago da elkartzeko, ondo pasatzeko eta indarra egiteko hitzordua. Nolabait esateko, guk geuk ere gozatzeko saioa da. Opari bat egiteko modua da, neurri handi batean.

Klasiko bat da Putzuzulon egiten zen Kopla Txapelketa. Larunbatekoa Hiruputzun egin den lehena izan zen, eta herrikoia. Alderik izan du harrera aldetik? Nola bizi izan zenuen?

Jende kopuruari dagokionez, esan daiteke apur bat gutxiago elkartu ginela, baina egia da abenduan egin ohi den Kopla Txapelketak beste izen bat daukala. Parte hartzen duten bertsolariak ezagunak izaten dira, eta kasu honetan, aldiz, herrikoak ginen. Edonola ere, eskaini genuen saioa oso gozoa izan zen. Jendea bildu zen, eta ikusleak gustura geratu ziren eskaini genuenarekin. Uste dut, lehendabiziko aldia izateko, errepikatzeko modukoa izan zela. Antolatzaileak, behintzat, prest daude datorren urterako. Azkenean, urtean bi txapelketa antolatuz gero, lana ere izango da, herrikoa eta ofiziala egingo liratekeelako, baina ederra izango litzateke.

Lagunarteko txapelketa izan zen larunbatekoa, baina saioa irabazteak badu bere meritua.

Noski, noski! Bertso Asteko txapelketan esan ohi da irabazleak baduela gero urte osoan kaka emateko eskubidea, eta kasu honetan ere, gutxienez ohorea eta adarra jotzeko eskubidea izango ditut. Ez da gutxi, kar-kar-kar!

Eta are gehiago, publikoak erabaki duenean garaipena zuri ematea, ezta?

Bai, hala da. Gustatzen zait halako saioetan publikoari parte hartzeko aukera ematea, eta, gainera, txapelketaren fase bakoitzean jende ezberdinak bozkatzeko aukera izatea.

Txapelduna ez, baina kaskabiloduna bai.

Halaxe da. Lepotik zintzilik eduki nuen pixka batean [irabazleari kaskabiloa eman zioten sari nagusi bezala]. Baina, azkenean, benetako saria abenduko Kopla Txapelketa ofizialean parte hartzeko txartela lortzea da, eta ilusioz joango gara herria defendatzera.

Aner Peritzek eta zuk lortu duzue sailkatzea...

Biok lortu dugu, eta, esan bezala, ilusioz helduko diot erronkari. Izan ere, aspaldi hartu nuen bertan parte; hamar bat urte izango dira nire azken alditik, eta Mañukortak kantatu zuen edizio hartan. Gogoz nago, eta ea asteburu honetako txispa berarekin iristen naizen hitzordu nagusira.

Jada kaskabiloa zure eskuetan duzula, zintzarria lortzea gehiegi eskatzea al da?

Horiek jada hitz potoloak dira, bai. Dena dela, saiatuko gara, nahiz eta oso zaila ikusten dudan.

Asteburukoak motorrak berotzeko balio izan al du?


Uste dut baietz. Iaz ez zen Kopla Txapelketarik egin, eta asteburukoa berriro denok elkarrekin harremanetan jartzeko hitzordua izan da. Bertsotan gabiltzanengatik baino gehiago, antolatzaileengatik, musikariengatik eta guztia aurrera ateratzeko lanean aritu direnengatik izan da posible, eta eskerrak eman behar zaizkie horiei. Inor ez badago antolatzen eta egunean lan egiteko prest, ez dago txapelketarik.