Santamarinak, udako parranda sasoia abiatzeko kaleko festak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 18a, 09:45
Joan den astean abiatu zituzten santamarinak. (Maria Maya Manterola)

Gaurtik ekingo diote jaietako bigarren asteburuari eta inoizko parte hartze handiena izango du danborradak. Bestalde, zezen txikirik ez da izango aurten.

Jaiak joan den astean abiatu bazituzten ere, gaurtik aurrera izango dituzte ekitaldi nagusiak Santa Marina kalean. Hori dela eta, jada antzematen da irrika festa batzordeko kideen artean. Haien esanetan, herritarrek ere gogo bereziarekin hartzen dituzte: "Lehenengoak dira Urtetako sansebastianen ondoren".

Aitzpea Agirrezabalaga da festa batzordeko kide horietako bat, eta 32 urte daramatza taldean. "16 urtetatik", oroitzen du, eta nekeza ere baden arren, taldeak ematen diola ardurari eusteko indarra dio: "Kinta bereko hiru lagun hasi ginen batzordean, eta hirurok jarraitzen dugu. Zortzi bat laguneko kuadrillatxoa gara antolaketaren zama handiena daramaguna, eta gustura aritzen gara lagunartean. Gainera, festa egunak gerturatu ahala, jende gehiagok ere laguntzen du. Hori bai, auzo elkarte askotan gertatzen ari den bezala, gure taldea ere zahartzen ari da pixkanaka. Zaila da kide gazteak erakartzea".

Edonola ere, aurten izan da berrikuntzarik zentzu horretan: "Lehenengo aldiz, karrozan aterako diren sei lagunak beren kabuz etorri dira gugana desfilatu nahi zutela adierazteko. Orain arte gu izan gara beti Santa Marina kale inguruko herritarrak konbentzitu behar izan ditugunak". Horrez gain, Agirrezabalagak dio "inoiz baino jende gehiago" bertaratu dela danborradako  entseguetara.

Egitarauan bertan ere izango da berritasunik; izan ere, ohiko zezen txikirik ez da izango. "Animalien ongizaterako lege berria dela eta, ezin dugu 60 kilo baino gutxiago pisatzen duen zezen txikirik ekarri. Guk gaztetxoentzat ekartzen ditugu, eta araudiak baimentzen dituenak handiegiak iruditzen zaizkigu".

Gaurtik igandea bitarteko egitaraua

  • Gaur, osteguna
    17:30. 7 urtetik 14 urtera bitarteko neska-mutikoen korrika txapelketak.
    Ondoren. Buruhandiak eta Zarautz Trik kultur elkarteko trikitilariak.
  • Maiatzak 19, ostirala
    10:00. La Salleko haurren danborrada txikia. 
    17:00. Jolasak Udal Gaztelekuko Haize Orratz taldearen eskutik. 
    19:30. Fan & Go musika taldea.
    22:00. Danborrada.
    23:30. Fan & Go.
  • Maiatzak 20, larunbata
    10:00. XXXII. Pilota Txapelketako finalak, La Salle Zaharrean.
    11:00. Jubilatuentzako hamaiketakoa.
    11:30. Jalgi dantza taldea.
    12:30. XX. Patata Tortilla Lehiaketa. 
    Eguerdian. Agosti ta Barrena.
    17:00-19:00. Gauargi taldea.
    Jarraian. Elektrotxufla.
    23:00. Oinutsik musika taldea.
  • Maiatzak 21, igandea
    Goizean. Kanpai errepika.
    09:30. Meza Nagusia, ermitan.
    Ondoren. Txistulariak.
    Jarraian. Kirkilla jatetxeak eskainitako txokolate jana.
    11:00. Kantujira Arrai Zopa taldearekin, eta trikitilariak.
    12:00. Txinpirin eta Zarazte abesbatzak.
    13:30. Parrillada. 
    18:30. DJ Arno musika festa, YE Mambo Txikis dantzariekin
    Gauean. Sardinaren ehorzketa.