Danbor hotsak festarako aldarri

Gorka Eizagirre 2023ko mai. 20a, 10:47

Egundoko giroa sortu zen Santa Marina kalean ohiko danborradaren eskutik atzo iluntzean.

Inoizko parte hartze jendetsuenarekin ospatu zuten atzo gauean santa Marinako danborrada. Beti izaten da alaia, baina atzokoan giro galanta piztu zen kalean. Egia esan, irrikaz zegoen jendea arratsaldeko dantzalditik, eta iluntzeko ekitaldian, danbor hotsekin batera, lehertu zen festa.

Aurtengo danborradak izan du berrikuntzarik, Santa Marinako komisioko kideek aditzera eman dutenez. Izan ere, orain arte haiek konbentzitu behar izan dituzte Santa Marina kale inguruko herritarrak desfilean ateratzeko, baina aurten lehen aldiz beren kabuz aurkeztu dira karrozan atera diren sei lagunak. Egia esan, gogotik gozatu zuten esperientzia. Baita danborra jotzen irten zirenak eta bertaratu ziren herritarrek ere.