Donostiarrak jaun eta jabe 17 urtez azpikoen 3x3 Gipuzkoako Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 22a, 09:20

Easoren taldeak gailendu ziren bai mutiletan eta bai nesketan ere estreinakoz Ariztbatalden jokatu den ekitaldian.

Saskibaloiak hartu zuen atzo Aritzbatalde kiroldegiko kantxa; izan ere, 17 urtez azpiko taldeen arteko lehenengo 3x3 Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten non Donostiatik etorritako taldeak nagusitu ziren.

Mutiletan, Easo Bastek Andatzak irabazi zuen Donostiako beste talde bat menderatuta. Easo Gipuzkoa Basket Mandoegi, hain justu ere. Ezin estuagoa izan zen finala, zeren eta, puntu bakarraren aldearekin gailendu zen Easo Bastek Andatza: 20-21.

Nesketan ere Donostiako taldeen artekoa izan zen finala. Easo Ibaeta Basket eta Atletico San Sebastian aritu ziren nor baino nor, eta nagusitasunez gailendu ziren lehenengoak: 21-5.

Etxeko taldeari dagokionez, lehenengo multzoan aritu ziren eta partida bakarra lortu zuten irabaztea. Azpeitiako Iraurgiren aurka jokatutakoa, hain justu. 16-11 irabazi zuen Zastek Urola Kostako bi taldeen arteko derbia.