Zabaldu dute Txaparrotan txapelketan izena emateko epea

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 23a, 10:15
Iazko haurren Txaparrotan txapelketa. (Zarauzko Hitza)

Haurren aurre-inskripzioa da oraingoz ireki dutena eta hilaren 30ean, datorren asteartean, itxiko dute. Helduena, berriz, hurrengo egunean zabalduko dute.

Txaparrotan Hondartzako Eskubaloi Txapelketan parte hartu nahi duten LH3tik eta DBH2ra bitarteko haurrek dagoeneko eman dezakete izena. Gaur 09:00etan zabaldu dute aurre-inskripzio epea eta astebete barru, maiatzaren 30ean, asteartea, itxiko dute. Txapelketa uztaileko lehenengo bi egunetan jokatuko dute eta benjamin, kimu eta infantil mailetan banatuta jokatuko dituzte txapelketak. Gainera, talde mistoak osatzeko aukera izango dute haurrek.

Halaber, antolatzaileek ohartarazi dute taldeek ez dutela ordainketarik egin behar onartuak izan arte. Behin onartuta, bi eguneko epea izango dute 50 euroko diru sarrera egiteko. Horrez gain jakinarazi dute 8 partaidetik gorako taldeetan, jokalari gehigarri bakoitzeko 5 euro gehiago ordaindu beharko dituztela. Rural Kutxako kontu korronte honetan egin beharko dute ordainketa izena ematen dutenek: ES97 3008 0181 3545 1127 3924 Rural Kutxa.

Helduen Txapelketa

Haurren txapelketarako inskripzio epea itxi eta hurrengo egunean zabalduko dute helduentzako izen ematea. Maiatzaren 31ean, alegia. 09:00etatik aurrera egin ahalko dute ekainaren 4, igandea, arte.

Haurrekin bezalaxe, taldea onartua izan ondoren egin beharko dute ordainketa aipatu kontu korrontean, eta 65 eurokoa izango da. Uztailaren 8 eta 9ko asteburuan jokatuko dute DBH3tik gorako herritarrentzat zuzenduta dagoen txapelketa.