Txapas eta Montetxio abesbatza Argantzonen izan dira Porrotxekin batera

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 23a, 14:00

"Koloretako Euskal Herria" margotu asmoz egin dute bisita asteburuan eta Lasarte-Oriako Xumela eta Hondarribiko Olagarro abesbatzak ere izan dituzte bidelagun.

Zarauzko Txapas soinujolea eta Montetxio abesbatza Argantzonen izan ziren larunbatean Porrotx pailazoarekin eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Xumela eta Olagarro abesbatzekin batera. Egun osoko festa egin zuten bertan, arabarrak izan nahi duten herritarrak babesteko; izan ere, Porrotxek gogoratu duenez, "Burgosen (Gaztela eta Leon) daude juridikoki kokatuta haien borondatearen aurka).

Hori horrela, "modu alegalean" jarduten duen Argantzun ikastolan abiatu zuten festa Txapasek eta Porrotxek. Esku soinuarekin, batak, eta, kantuan besteak. Pailazoaren hitzetan "koloretako Euskal Herria margotu" zuten horrela. Haiekin batera, ikasleak ere aritu ziren kantuan eta "ikastola sortu zenetik gaur arte igaro diren hogei urteetan gainditu behar izan dituzten oztopoak irudikatu zituzten", Porrotxoen hitzetan.

Horrez gain, herriko elizan ere izan ziren Gipuzkoatik joandako hiru abesbatzak trebiñutarrei emanaldia eskaintzeko. Saioaren ondoren, kantujira ere egin zuten Argantzoneko kaleetan.

Arratsaldean, berriz, berriro elkartu ziren bertakoak eta gipuzkoarrak eta kantuan aritzeaz gain, Zumba egin zuten gorputzak euskararen alde astintzeko. Hala, borobildu zuten eguna etxera itzuli aurretik.