Ostegunean abiatuko da hondartza denboraldia, sorosle eta guzti

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 27a, 10:00
Tolderoak hasi dira lanean, zutoinak hondarretan jartzen. (Aritz Mutiozabal)

Beste urte batez BPXport XXI enpresak gidatuko du sorospen zerbitzua, egunero, 11:00etatik 20:00etara. Era berean, ekainaren 1etik aurrera martxan egongo dira toldoak, doako dutxak eta komunak, eta hondartza inguruko garbiketa lanak.

Datorren ostegunean, ekainaren 1ean, emango diote hasiera aurtengo hondartza denboraldiari, eta egun horretatik aurrera martxan izango da sorospen zerbitzua, aurreko denboraldietan baino hamabost egun lehenago. Sorospen taldearekin batera, hondartzako zerbitzu guztiak jarriko direla abian lehen egunetik jakinarazi du Zarauzko Udalak; hau da, toldoak, doako komunak eta dutxak, eta hondartzaren inguruko guneen garbiketarako errefortzua.

Azken urteetan bezala, BPXport XXI enpresa arduratuko da sorospen zerbitzuaz. Egunero, 24 sorosle, hondartzako buru bat, itsas motorretako bi patroi, anbulantzia gidari bat eta erizain bat egongo dira bainularien segurtasuna bermatzen. 11:00etatik 20:00etara. Hondartza sei bainu eremutan banatuko dute, eta ohi bezala, moilako bainu guneak ere soroslea izango du.

Hondartza denboraldia aurreratzeaz gain, Zarauzko Udalak nabarmendu du alor honetan eskainitako zerbitzuak "hobetu" egin dituela urtez urte. Emandako datuen arabera, sorospenera bideratutako aurrekontua 535.834 eurotik 839.970,80 eurora igo dute azken bost urteetan. "Honi esker, alde batetik, hondartza zaintzen duten sorosle kopurua eta bainu guneak gehitu dira eta, bestetik, Zarauzko hondartzan dagoen zaintzapeko bainuaren ordutegia ere zabaldu da", zehaztu dute.