Udaberriaz gozatzen ari dira Salbide auzoan

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 27a, 14:00

Salbide auzoko elkarteak antolatuta, jai giroan murgilduta daude auzoan. Goiz-eguerdi partean euskal dantzak eta haurrentzako jolasak izan dituzte. Arratsaldean, berriz, mus txapelketa eta erromeria izango dute.

Beste urte batez, Udaberri Festa antolatu du Salbide auzoko elkarteak, eta goizean goizetik, eguraldi ona lagun, giroan murgildu dira bizilagunak eta bertaratu diren herritar guztiak. Jalgi dantza taldeko kideen euskal dantzen emanaldiarekin ekin diote jai egunari goizean, eta hamaiketakoaren ondoren, haurrek gogotik gozatu dute Bizi Lore parkean, haientzako espresuki prestatu dituzte jolasekin eta marrazki txokoarekin.

Parkean bertan  Joseba Iruretagoiena margolaria aritu da zuzenean koadro bat pintatzen. Hain zuzen ere, garaiko Salbideko labadero zaharra irudikatzen aritu da, haurrak eta gurasoak inguruan zituela. Auzo elkarteko kideek jakitera eman dutenez, arratsaldeko mus txapelketan lehen postuan geratzen diren Salbideko lehen bikoteak jasoko du margolana sari moduan.

Auzoko mus txapelketa hirugarrenez egingo dute, eta 16:00etan hasiko da; parte hartu nahi dutenek 15:30etik 15:50era eman beharko dute izena, eta 20 euro ordaindu beharko da bikoteko. Txapelketako partidak Salbide tabernan eta Aterpe kafetegian jokatuko dituzte lau errege eta lau usteletara, eta  irabazleek 200 euroko saria eta Kebidekek eta Asti Pinturkek emandako txapelak eta trofeoak lortuko dituzte.

Amaitzeko, Bat Bitan taldearen erromeriarekin itxiko dute Udaberri Festa; 19:00etan hasiko dute musika saioa.