Ilearen dohain jasangarriena

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 1a, 10:00
Miren Odriozola eta Maite Iturralde Monte Albertiako irakasleak eta Berrikuntza arloko kideak. (Jabi Gonzalez Toston)

Monte Albertian garatu duten ikerketa proiektu batek erakutsi du iragazki nahiz isolatzaile natural gisa erabili daitekeela ilea. Don Bosco ikastetxearekin elkarlanean aritu dira.

Ikasturtea amaitzear da, eta, ondorioz, baita Monte Albertia Lanbide Heziketa zentroan 2022 eta 2023 urteen artean garatu duten Ilearen Ekonomia Zirkularra ikerketa proiektua ere. Hala izendatu dute helburu izan dutelako moztutako ilea bildu eta harekin bioiragazki bat sortzea burua garbitzeko konketetako hodietan jartzeko. Bezeroei burua garbitzean sortutako zikinkeria iragazkiak xurgatzea zen asmoa, erabilitako ura ahalik eta garbien itzultzeko ur araztegira. Azkenean, ordea, ezin izan du filtro hori sortu proiektuan lanean aritu den taldeak. Arrazoitu dutenez, "denbora" izan da arazoa.

Horren harira, Monte Albertiako berrikuntza departamentuko kideek azaldu dute bi direla denborari lotutako arrazoiak: "Batetik, ikusi dugu gure hasierako susmoa bete dela eta ileak baduela zikinkeria xurgatzeko gaitasuna. Zenbat eta denbora gehiago eman gehiago xurgatzen du, baina ile apaindegietako eguneroko martxarako ez da praktikoa. Bestetik, proiektua garatzeko ditugun epeak ere aintzat hartu behar ditugu, izan ere, mugatuak dira. Lortu ditugun emaitzak hasieratik izango bagenitu, agian izango genuke filtro horri forma emateko astia".

Ildo beretik,proiektuan parte hartu duen Errenteriako (Gipuzkoa) Don Bosco Lanbide Heziketa zentroko Irati Legorburu irakasleak adierazi du ikastetxeak direla eta "ez laborategi profesionalak". Azken finean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak proiektua aurrera eramateko ahalbidetu dizkien lanorduen barruan jardun dute, iaz aurkeztu zioten proposamena onartu ondoren. "Lanbide Heziketako sailburuordetzak urtero egiten ditu ikerketa proiektuak aurkezteko deialdiak, eta bertan sartzen da gurea. Onartzen dituzten proiektuak garatu ahal izateko denbora epeak ematen dizkiete ikastetxeei, ez laguntza ekonomikoak. Hala, irakasleek eskolak ematera bideratu beharko lituzketen asteko lan jardunaldiko hainbat ordu ikerketarako baliatzen dituzte; astean hiru ordu, gure kasuan", azaldu du Maite Iturralde Monte Albertiako berrikuntza arloko buruak.

Proiektuaren buruzagitza Monte Albertiak izan badu ere, zentroak Don Bosco ikastetxea ere izan du bidelagun. Zehazki, ilea kimikoki aztertu dute bertan, eta Legorburuk jardun du horretan. Dena den, lanerako behar izan duen ilea Monte Albertiak helarazi dio, eta askotarikoa izan da materiala, gainera. Horretarako, ilea moztera zentrora joaten zaizkien bezeroen ilea ez ezik, beste negozio batzuetakoa ere bildu dute. "Bizartegietara jo dugu ile naturalena hori izan ohi delako, eta produktu organikoak erabiltzen dituen ile apaindegi batera ere bai. Azken batean, ile erabat naturala, produktu naturalekin tratatutakoa eta ohiko tindagai edo produktu kutsakorragoekin tratatutakoa aztertu nahi genuen", azaldu du Miren Odriozola ikerketan parte hartu duen beste irakasleetako batek.

Sentsibilizazioa

Ilea biltzeko aitzakiarekin enpresetara egin dituzten bisitek sentsibilizazio ariketa gisa ere balio izan dutela diote Monte Albertiako irakasleek; izan ere, askok agertu dute proiektuarekiko interesa. "Gero eta garbiago dugu gure sektorean jasangarritasunaren aldeko apustua egin beharra dagoela", adierazi dute.

Ildo beretik, ikasleekin ere egin dituzte sentsibilizazio ariketak Ilearen Ekonomia Zirkularra proiektuaren barruan. Odriozolak azaldu du, esaterako, ile luze tindatua zuen bezero batekin proba egin zutela haren ilea garbitzeko zenbat ur behar zuten egiaztatzeko. "35 litro gastatu genituen", azpimarratu du.

Ikerketako kideek aitortu dute, halaber, hasieratik izan zutela argi filtroa lortuta ere ez zela "guztiz zirkularra" izango; izan ere, "kutsadura karga handia izango luke ura garbitu ondoren, eta hondakin kudeaketa arazoa ekarriko luke", dio Legorburuk.

Nolanahi ere, ileak iragazki nahiz isolatzaile gisa funtziona dezakeela frogatu dutela azpimarratu du Don Boscoko irakasleak, eta "ingurumenarentzat aurrerapausoa" dela uste du. "Material eraginkorra izan daitekeela erakutsi dugu, eta beraz, ez da beharrezkoa berriak sortzea". Hori horrela, dagoeneko egin dizkiote ileari lotutako bi ikerketa eskaera sailburuordetzari.

Bezero bati ilea garbitzeko zenbat ur behar den egiaztatzeko Monte Albertian egindako proba. (Utzitakoa)

Coiffeurs Justes elkartea eredu ile birziklapenean

Monte Albertiako irakasleek azaldu dutenez, Thierry Gras ile apaintzaile frantziarrak sortutako Coiffeus Justes elkarteak aspalditik baliatzen du ilea estetikarekin zerikusirik ez duten zereginetarako. Horregatik, inspirazio iturri dute, eta garrantzi handia ematen diote ile soberakinak biltzeari.

Zentzu horretan, Miren Odriozolak aipatu du itsasoan petrolio isuriak gertatu izan direnean, adibidez, ilearekin betetako «saltxitxa» itxurako poltsa moduko batzuk erabili izan dituztela Coiffeus Justes-eko kideek, isuriaren edapena saihesteko. "Ileak ez dio hidrokarburoei pasatzen uzten. Kutsatu gabeko ura soilik pasatzen da", azaldu du.

Aipatu elkarteak eginkizun gehiagotarako ere baliatzen du ile birziklatua: nekazaritzan, besteak beste, ongarri gisa konpostarekin nahastu ondoren, edo landareak babesteko uxagarri natural gisa.