"Gurea zientzia podcast bat da, feminista eta umore kutsukoa"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2024ko ots. 8a, 11:00
Alaitz Ochoa de Eribe eta Ana Galarraga 'Uhin ultramoreak' podcasta grabatzen. (Utzitakoa)

Otsailaren 11n Emakume Zientzialarien Eguna izango da, eta horren harira Alaitz Ochoa de Eribe eta Ana Galarraga ‘Uhin ultramoreak’ zientzia eta teknologia podcastaren egileei elkarrizketa egin die Hitzak.

Alaitz Ochoa de Eribe eta Ana Galarraga Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak dira. Uhin Ultramoreak zientzia eta teknologia podcastaren ahotsa dira, gainera. Ahotsa izatez gain, ordea, aurpegia ere izan nahi dute. Gaur-gaurkoz entzunezko piezak bakarrik egiten badituzte ere, beraien helburuetako bat da historian zehar ezkutuan geratu diren emakume zientzialarien ekarpenak argitara ematea. Lan hori aitortzeko, podcastaren sortzaileei eman die ahotsa Urola Kostako Hitza-k.

Zer da Uhin ultramoreak?

ALAITZ OCHOA DE ERIBE: Zientzia podcast bat da, feminista eta umore kutsukoa. Elhuyarren egiten dugu, eta bi astez behin argitaratzen da EITBpodkast atarian, zientzia.eus webgunean eta ohiko audio plataformetan.
Nondik sortu zen ideia? Eta nolatan hasi zineten garatzen?
ANA GALARRAGA: Podcastzaleak gara gu, eta ikusi genuen ez zegoela horrelakorik euskaraz. Eta esan genuen: «Ba guk egingo dugu!». Azken finean, Elhuyarren zientziaren dibulgazioa egiten dugu, eta formatu horretara egokitzea oso naturala izan da guretzat. Bestela ere horrela aritzen gara bion artean: zientziaz, umorez, eta ikuspegi feministarekin, noski.

Zergatik da beharrezkoa zientzia feminista?

A. O. : Feminismoa esparru guztietan da beharrezkoa. Eta zientzia eremu neutral bat dela pentsatu ohi dugun arren, ez dugu ahaztu behar gizartearen aje guztiak biltzen dituela: elitismoa, matxismoa, arrazakeria… Batetik, emakumeon eskubidea da zientzian parte hartzea, eta, bestetik, garrantzitsua da ikerketa zientifikoak gu kontuan hartzea, guk ere zientziaren onurak jasotzeko. Mezu horiek argi uzten saiatzen gara gure podcastean.

Hain zuzen ere, Elhuyarren ekimenez eta Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunaren harira, mundu osoko hamabi emakumeren horma irudiak jarri dituzte Zarauzko 21 dendatan eta Emakumeen Etxean. Horietatik bat aipatzekotan, zein zientzialari aipatuko zenukete?

A. G. : Bakarra aipatzekotan, Ana Zubiaga aukeratuko nuke. Batetik, benetako eredua delako, bai irakasle lanetan, bai laborategian, eta, bestetik, beti dagoelako prest guri laguntzeko, ikerketetan sakontzeko edo azalpen xeheak emateko berekin zerikusia duten gaietan. Hitz batean, eredugarria da.

Zer falta da erreferentziazko lekuetan emakumeak ikusteko?

A. O. : Hasteko eta behin, gizonezkoek espazio guztia okupatzeari uztea.
A. G. : Eta, horrekin batera, espazioen eta espezialitateen banaketa bitarra gainditzea.