Inaxio Martiarena: "Aitak eskuz egindako zapatak gordeta ditugu oraindik ere"

Mireia Galarza Bastida 2024ko ots. 9a, 11:00

80 urteko ibilbidea eta gero, ateak itxiko ditu bihar Martiarena zapategiak. Negozioko anai-arrebek biziki eskertu dute urte luzez herritarrek emandako konfiantza eta babesa.

Belaunaldiz belaunaldi bizirik jarraitzen duten negozio asko ixten ari dira azkenaldian, eta zerrenda horretan denda bat gehiago egongo da bihartik aurrera: Zarauzko Martiarena zapategia. Inaxio Martiarenak (Zarautz, 1956) duela hiru urte hartu zuen erretiroa, eta gauza bera egingo du orain Axun arrebak (Zarautz, 1960). Eta argi esan dute: "Ez dago jarraipenik".

Inaxio, aste honetan itxiko duzue Martiarena zapategia urte asko eta gero. Zenbat urtez egon da negozioa irekita?

1946-47 ingurutik dago irekita negozioa. Aitak ireki zuen duela mende erdi baino gehiago. Urte asko izanda, oroitzapenak ere asko dauzkagu, izan ere, xelebrekeri asko gertatzen dira hainbeste urtetan.

Zu orain dela hiru urte jubilatu zinen, eta harrezkero, arreba Axunek jarraitu du. Bigarren etxea bihurtuko zen dendatxo hau, ezta?

Baietz esan daiteke. Izan ere, gazteak ginela dendaren goiko eraikinean bizi ginen, hirugarren solairuan, eta gora eta behera ibiltzea tokatzen zitzaigun. 27 urte bete nituen arte ibili nintzen horrela. Egia esan behar badut, denda bera ere asko aldatu da urte hauetan guztietan.

Zapategia ez da kudeatu behar izan duzuen negozio bakarra.

Hori da. Orain denda parean dagoen biribilgune moduko horretan gasolindegi txiki bat ere bageneukan, eta aitak zuen horren ardura. Dena den, guri ere tokatu zitzaigun ofizio hori ikastea, eta urte batzuk pasatu genituen  etortzen ziren ibilgailuei gasolina botatzen. 2007an bukatu zen etapa hori, eta nabaritu genuen aldaketa.

Zertan?

Gasolindegia geneukanean, atzera eta aurrera ibiltzen ginen, kanpotik barrura eta barrutik kanpora. Auto bat denda parera etortzen zen bakoitzean irten behar izaten genuen kalera, nahiz eta batzuetan dendara etortzeko ere aparkatzen zuten zapategi parean.

Barruko lana berdin-berdin egin behar izaten genuen, eta askotan denda itxi eta gero jarraitzen genuen zeregin horiekin. Behin gasolindegikoa amaituta, nik esaten dut lana amaitu arte ez nuela jakiten zer eguraldi egiten zuen kanpoan, barruan jarduten genuelako etengabe lanean. Orduan, zapategiko lan gehiago egiten hasi ginen.

Zientoka oinetako konpondu bai, baina inoiz pentsatu al duzue oinetakoak saltzen hastea?

Ez, ez. Alde batetik, oso leku txikia daukagulako, eta ez litzaigukelako hemen denda bat sartuko, eta bestetik, lan asko eskatzen duelako horrek. Konpontzearekin nahikoa izan dugu. Hala eta guztiz ere, gure aitak bai egiten zituela oinetako batzuk eskuz, hala nola abarkak edo botak... Gordeta ditugu horiek oraindik, eta nirekin eramango ditut betiko, kutunak ditut eta.

Oinetako asko konponduko zenituzten, baina zer da hona konpontzeko ekarri duten objekturik bitxiena?

Ahal izan dugun guztia konpontzen saiatu gara: maletak, golfeko poltsak, surfeko oholen zorroak... Azken horri, ia gehienetan kremailera izorratzen zaio kresalaren ondorioz, eta horiek oso luzeak izaten dira, bi metro ingurukoak edo.

Asko aldatu al da sektorea urte hauetan guztietan?

Oinetakoen kalitatea izan da asko aldatu dena. Lehen larrua zen nagusi oinetakoetan, eta goma baldin bazen ere, gaur egungoa baino hobea zen. Azken urteetan nik neuk esaten nien bezero batzuei konponduko nizkiela oinetakoak baina ez zuela merezi, azkar izorratuko zitzaizkielako berriz. Gero, egia da itsasgarri hobeak ere atera zituztela, eta horrek konponketa prozesua erraztu zuela.

Zarauztar asko igaro dira zuen dendatik. Nola jaso dute itxieraren berria?

Ondo ez, zer esango dut bada. Orain zer egin behar duten eta nora joango diren galdezka hasten dira batzuk. Aurreko batean arrebak esan zidan emakume bat negarrez hasi zitzaiola, pentsa. Jende askok atsegin ditu horrelako denda zaharrak. Baina tira, Eroskin ere badago zapategi bat, eta bertara eraman beharko dituzte aurrerantzean herritarrek oinetakoak eta bestelakoak konpontzeko.

Ahaztutako oinetako pila bat ere izango dituzue zuek.

Ez dago imajinatzerik zenbat! Hori urtaro aldaketetan gertatzen da gehien. Adibidez, norbaitek negu amaieran bota pare berri bat erosi eta takoian goma jarri nahi badio, eta konpontzera ekarri eta ordurako eguraldia aldatzen bada, ez du pare horren faltarik sumatuko.

Oinetakoez gain, jendeak poltsak eta horrelakoak ere baditu hemen ahaztuta. Horregatik, denda itxi eta gero telefono zenbaki bat jarriko dugu sarrerako atean, norbaitek zerbait ahaztuta utzi badu dei dezan.

Ez al dago negozioaren jarraipena bermatu nahi duen beste inor?

Ez, ez dago. Ni orain dela hiru urte jubilatu nintzen, eta orain arrebaren txanda izan da. Nahikoa lan egin dugu, eta gurasoek duela 80 urte inguru hasitako bidea hemen amaituko da.

Arreba eta biok hitz egingo zenuten itxierari buruz. Zerekin geratzen zarete?

Jendearen harrerarekin, inongo zalantzarik gabe. Gure helburua beti izan da bezeroak ondo tratatu eta beraiek eskatutakoa betetzea. Bezeroak gustura ikusita, gu ere hala geratuko gara.