Ramon Siscarten 'Zuria' erakusketa irekiko dute Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2024ko ots. 19a, 16:00

Bihar zabalduko dute argazki erakusketa, eta martxoaren 14ra arte egongo da ikusteko aukera. Atzealde zurian gailentzen diren objektuen erretratu saila da Soriako argazkilariaren  azken proiektua,

Photomuseum Zarauzko Argazki eta Zinema Museoak aldi baterako erakusketa berria zabalduko du bihar, eta oraingo honetan, Ramon Siscart (Soria, Espainia, 1951) argazkilari beteranoaren azken proiektua paratuko du: Zuria. Objektuak eta objektuetan gordetako sinbolismoa barnebiltzen dute bere argazkiek, atzealde zuritik nabarmentzen direla. Gisa horretan, irudi-joko enigmatikoa proposatzen dio ikusleari, tarteka metaforikoa, objektuen benetako erabilera kasik desnaturalizatuz.

Siscartek aurretik landutako Deshabitatu izeneko proiektuaren haria da Zuria. Sasoi hartan, etxe bateko objektuak erabili zituen bizitzan zehar pilatutakoari buruzko hausnarketak egiteko, eta orduan, irudi iradokitzaileak sortu zituen, "dekadentziaren berezko dotorezia horretatik", argazkilariaren esanetan. Beste garai bateko objektuak natura hilak bezala aurkeztu zituen

Pandemia garaian, ordea, Zuria izango zena agertzen hasiko da. Lehenik eta behin, Días de Cuarentena argazki liburuarekin, non eguna eta gaua aurrez aurre jarri zituen; kolore zuriak eguna irudikatzen zuen, alegia. Pixkanaka-pixkanaka, Zuria proposamenak nortasun propioa hartu zuen eta proiektu indibidual gisa sortu zen. Photomuseumen ikusgai diren irudietan begiratzeko eta hausnartzeko modua aldatu egiten dira, baina horretarako onena erakusketa bisitatzea da.

Mostra bihar zabalduko dute, 10:00etan, eta martxoaren 24a bitartean egongo da zabalik, ondorengo ordutegian: asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.