Hutsik gelditu da Zestoako kiroldegian estalki berria eraikitzeko lanen lehiaketa

Ihintza Elustondo 2022ko eka. 25a, 09:23

Udalak hilaren hasieran atera zuen lehiaketara pilotaleku gaineko teilatua nahiz kanpoko estalkia desmuntatu eta eremu guztia estaliko lukeen teilatu berria eraikitzeko proiektua. Ez da enpresarik aurkeztu lehiaketara, eta aurrekontua egokitu ondoren, udalak berriro zabalduko du deialdia.

Zestoako Udalak ekainaren hasieran lehiaketara atera zuen kiroldegiko teilatuaren proiektua, baina ez da enpresarik aurkeztu deialdira. Zehazki, teilatuko amiantoa kenduz, pilotaleku gaineko teilatua eta kanpoko estalkia desmuntatu eta eremu guztia estaliko lukeen teilatu berria eraikitzea zen egitasmo horren funtsa. Estalki berriaren gainean eguzki plakak jartzeko proiektua ere amaitzear dauka udalak, baina lan nagusien lehiaketara enpresarik aurkeztu ez denez, lanak atzeratu egingo direla jakinarazi du erakundeak.

Udalaren arabera, azkenaldiko hornigaien eta materialen garestitzea dela eta, obra publikoen lehiaketa "asko" ari dira hutsik gelditzen, eta Zestoako kiroldegiko teilatuaren lehiaketa hutsik gelditu izana ere "arrazoi beraren ondorio" da. Epe motzean udalak aurrekontuaren prezioak berrikusiko ditu, eta diru partida egokitu ondoren, lanak berriro aterako ditu lehiaketara.

Zestoako Udalak 1.084.733,46 (BEZ barne) aurrekontuarekin atera zituen lanak lehiaketara, eta egin beharreko lanetan teilatuko amiantoa kendu eta estalki berrian eguzki plakak jartzea zegoen aurreikusita. Ekoiztutako energiaren zati baten kudeaketa Zestoan sortzear dagoen komunitate energetikoari uztea zen helburua, bide batez, "burujabetza energetikoaren bidean lehen urratsa eginez". Lanak aurkezteko epea ekainaren 15ean amaitu zen, baina udalak beste zortzi egunez luzatu zuen epea; hala ere, ekainaren 23an epea amaituta, proiektuaren exekuzio lanen lizitaziora ez da enpresarik aurkeztu.

Zestoako Udalak "ezinbestekotzat" jotzen du energia berriztagarrien aldeko apustua egitea, "larrialdi klimatikoari aurre egin eta herri burujabe bat eraikitzeko bidean". Kiroldegiko teilatuaren obra norabide horretan "lehen urratsa" izango dela adierazi du udalak. Gainera, lanak frontoi zaharraren eta kiroldegiaren tartean dagoen aisi eremua hobetzeko ere baliagarri izango direla kontutan hartuta, lanak egiteko "konpromiso irmoa" daukala adierazi du erakundeak.

Estalki berriaren proiektua. (Zestoako Udala)