Foru Plazako zorua konpontzeko lanen bigarren faseari ekin diete Zestoan

Anartz Izagirre 2022ko urr. 3a, 10:11

Bigarren fase honetan, Foru Plazako 3. zenbakiaren aurrealdeko zorua konponduko dute, baita elizaren aurrea eta kanpandorrearen aurrean atera den zuloa ere. Datozen urteetan, apurka-apurka, zoru osoa konpontzeko asmoa du udalak.

Joan zen urtean Foru Plazako zorua konpontzeko lanei ekin zien Zestoako Udalak; lehen fasean, torilen aurreko zatia eta Eliz kalearen lehen zenbakiaren plaza aldeko zatia konpondu zituzten, eta orain, bigarren fasean, beste hainbat zati konponduko dituzte. Erakundeak adierazi duenez, elizaren aurreko zorua konponduko dute batetik, eraikinaren luzera osoan. Bestetik, Foru Plazako 3. zenbakiaren aurrealdea —Buruzurien oinarriak dauden lerroraino— konponduko dute, eta kanpandorrearen aurrean azken hilabeteetan atera den zuloa ere bai.

Joan zen astelehenean, irailak 26, hasi ziren lanekin, eta Canteria Espiga enpresa ari da lanok gauzatzen. Datozen urteetan plaza osoa konpontzeko intentzioa du udalak, beste hainbat fasetan banatuta.