Garikoitz Mendizabal izango da berriro EAJren alkategai Zestoan

Mailo Oiarzabal 2022ko urr. 24a, 20:34

Azaroaren 8rako iragarri du Zestoako Uri Buru Batzarrak Mendizabalen hautagaitzaren aurkezpena, 2023ko maiatzeko udal hauteskundeei begira.

2023ko udal hauteskundeetan ere Garikoitz Mendizabal Etxeberria izango da EAJren zerrendaburua Zestoan. Zestoako Uri Buru Batzarrak gaur jakinarazi du azaroaren 8an egingo duela Mendizabalen hautagaitza aurkezteko ekitaldia, Batzokian, 19:00etan.

Mendizabal izan zen Zestoako jeltzaleen zerrendaburua 2019ko udal hauteskundeetan ere. Orduko bozetan, EH Bilduk gehiengo osoa lortu zuen Zestoan, eta harrezkero oposizioko talde bakarra den EAJren bozeramailea da Mendizabal udalean. Horrez gain, joan den otsailaren 1etik Eusko Legebiltzarreko kide ere bada.