Irrintzi eta barreterapia tailerrak antolatu ditu Portalek datozen asteetarako

Julene Frantzesena 2022ko aza. 8a, 11:21

Irrintzi tailerra azaroaren 18an izango da, eta barreterapia saioa, berriz, azaroaren 22an. Bi saioetarako izena eman daiteke dagoeneko Portale kultur elkartean bertan. Bestalde, Zuberoako ikastolen aldeko Ikaskoliren saskiak eska daitezke kulturgunean.

Portale kultur elkarteak bi tailer antolatu ditu datozen asteetarako. Batetik, irrintzi tailerra egingo dute azaroaren 18an, ostiralez; bestetik, berriz, barreterapia saioa antolatu dute azaroaren 22rako, astearterako. Bi tailerretarako izena Portalen bertan eman daiteke dagoeneko.

Irrintzi tailerra 18:00etatik 20:00etara bitartean egingo dute Alondero aretoan, eta Isabel Kirzerek gidatuko du saioa. Izena eman nahi dutenek hiru euro ordaindu beharko dute. Barreterapia saioa ere 18:00etatik 20:00etara egingo dute, Alonderon, Manex Beristainek gidatuta, eta izena eman nahi duten bazkideek bost euro eta gainerako herritarrek zazpi euro ordaindu beharko dute.

Bestalde, Zuberoako ikastolen aldeko Ikaskoliren saskiak eska daiteke jada Portale kultur elkartean. Hiru saski jarri dituzte aukeran: Pettarra, Arraila eta Pasabürüa izenekoak. Honako hauek dira saski bakoitzeko produktuak:

  • Pettarra: ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak eta pastak (51 euro).
  • Arraila: eztia, bixkotx artisauak, kilo erdiko bi ardi gazta, bixkotx gatzatuak, erreximenta, pastak eta tisana (57 euro).
  • Basabürüa: xerriki patea, bixkotx artisauak, ardi gazta kiloa, xahalki axoa, lukainka idorra eta pastak.