Garikoitz Mendizabal izango da EAJren Zestoako alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan

Anartz Izagirre 2022ko aza. 9a, 10:37

Mendizabalek bigarren aldia izango du Zestoako alkatetzarako hautagai moduan, egungo agintaldian oposizioko buru baita. Udal Gobernua "paralisi egoeran" dagoela azaldu du jeltzaleak, "erabat desmotibatuta". Era berean, EAJk "herri proiektu sendo bat" duela jakinarazi du, eta "gogotsu eta ilusioz" dagoela alkate izateko.

Garikoitz Mendizabal izango da berriro ere Zestoako EAJren alkategaia 2023ko udal hauteskundeetan. Zestoako Uri Buru Batzarrak atzo, asteartea, aurkeztu zuen hautagaia Zestoako batzokian, eta Josetxo Mendizabal Zestoako Uri Buru Batzarreko lehendakaria izan zen hitza hartzen lehena. Hark adierazi zuen aho batez erabaki zutela Garikoitz Mendizabal izatea datozen bozetako alkategaia duela hilabete batzuk egindako batzarrean, eta azpimarratu zuen EAJk "oso estilo desberdina" duela "herriaren eta jendearen aurrean lan egiteko".

Bestalde, EAJren alkategai izango denak alderdiari zein afiliatuei eskerrak emanez hasi zuen hitzartzea. Mendizabalek aitortu zuen bera izan dela alkategai aurkeztu dena alderdiaren aurrean, oraindik "gogotsu eta ilusioz" dagoelako. Horrez gain, adierazi zuen Zestoako Udal Gobernuaren inguruan egiten duten azken hiru urteetako balantzea ez dela "batere egokia", eta jeltzaleek "herri proiektu sendo bat" dutela egoera horren aurrean, "epe motzean eta ertainean" egin ahalko liratekeen proiektuekin. "Estilo desberdinak ditugu, eta gure aldetik jarriko duguna proiektu sendo bat da, egingarria, herri honek buelta handi bat behar duelako, inbertsioekin, herriak aurrera egin dezan", zioen.

Horrez gain, Mendizabalek nabarmendu zuen ez dutela "inondik inora" partekatzen Mikel Arregi alkatearen kudeatzeko estiloa: "Paralisi egoera batean dago Zestoako Udal Gobernua, erabat desmotibatuta. Aurrekontuen abstentzioaren inguruan egin genuen agerraldian oso kritiko agertu ginen, eta ordutik hona denok dakigu zenbat gauza gertatu diren, zer tentsio izan diren eta nola kudeatu diren egoera horiek". Hautagai jeltzaleak azaldu zuen Zestoa "bihotzean" daramala. Konfiantzaz mintzatuaz amaitu zuen hitzartzea: "Espero dut herritarren konfiantza lortuko dugula eta herri honi behar duen konfiantza emango diogula".

Hona hemen atzoko aurkezpeneko bideoa: