Meza eta hamaiketakoa, Lasaoko samartinei ekiteko

Maialen Etxaniz 2022ko aza. 11a, 14:23

Meza eta hamaiketakoa egin dituzte San Martin egunez, festetarako antolatutako ekintzei hasiera emanez. Arratsaldean botako dute txupinazoa, eta bertso afariarekin borobilduko dute eguna. Datozen egunetan ere izango da zer egin eta zertaz gozatu Lasaon.

 

Lasaotarrak hasi dira San Martin jaiak ospatzen. Gaur, azaroak 11, San Martin eguna da, eta ohiturari jarraituz, meza eta adineko auzotarrentzat hamaiketakoa egin dituzte. Dozenatik gora lagun elkartu da goizeko ekintzetan. Arratsaldean jarraituko dute samartinetarako antolatutako ekintzekin. Hain zuzen, 20:00etan botako dute suziria, eta txupinazoaren ostean bertso afaria egingo dute. Andoni Egaña eta Oier Etxeberria arituko dira kantuan, eta Hitzeder eta Txibilter trikitilariak arduratuko dira giroa trikiti doinuz alaitzeaz.

Asteburuan ere askotariko ekintzez gozatu ahal izango dute herritarrek. Bihar ere txupinazoa botako dute auzoko haur eta gaztetxoek, eguerdian. Ondoren, buruhandien kalejira ere egingo dute auzotarrek, eta Iago magoaren ikuskizunaz gozatu ahal izango dute gaztetxoek. Horiek, gainera, bazkaria egingo dute. Arratsaldean, puzgarriak eta txokolatada izango dituzte Lasaon.

Igandean, ohi bezala, Lasaoko baserritarren nekazal produktuen eta abereen azoka egingo dute frontoian. Eguerdian, Idiakaitz txistulari taldearen kalejira izango da erraldoiekin nahiz buruhandiekin, eta festak agurtzeko Polka dantzatuko dute auzotarrek eta Gizakia Helburuko kideek.

Hona hemen datozen egunetako egitaraua: 

- 11:00. Meza.
- 11:30. Hamaiketakoa auzoko adinekoentzat.
- 20:00. Txupinazoa.
- 20:30. Bertso afaria, Andoni Egaña eta Oier Etxeberria bertsolariekin, eta Hitzeder eta Txibilter trikitilariekin.

Azaroak 12, larunbata.

- 12:00. Haur eta gaztetxoen txupinazoa.
- 12:30. Magia ikuskizuna: Iago magoa.
- 14:00. Bazkaria.
- 16:00. Puzgarriak.
- 17:00. Txokolatea.

Azaroak 13, igandea.

- 11:00. Lasaoko nekazal produktuen eta abereen erakusketa azoka.
- Segidan, Idiakaitz txistulari taldearen eta buruhandi eta erraldoien kalejira.
- 13:00. Polka dantza saioa