Azken hamarkadetan Zestoan izandako giza eskubideen urraketak ikertuko ditu Aranzadik

Nerea Uranga 2022ko aza. 18a, 19:27
Jabi Buces Aranzadiko kidea, Mikel Arregi Zestoako alkatea eta Garikoitz Mendizabal EAJren udal bozeramailea, gaur Zestoako udaletxean. (Argazkia: Nerea Uranga)

Gertuko memoria ezagutu ahal izateko hitzarmena sinatu du Zestoako Udalak Aranzadi zientzia elkartearekin. Gaur eman dute akordioaren berri Mikel Arregi Zestoako alkateak, Garikoitz Mendizabal EAJren udal bozeramaileak eta Jabi Buces Aranzadiko kideak.

Memoria historikoa aztertzeko eta jasotzeko bidean, bigarren hitzarmen bat egingo du Zestoako Udalak Aranzadi zientzia elkartearekin. Akordio horren bidez, azken hamarkadetan indarkeria mota desberdinek Zestoan eragindako giza eskubideen urraketak ikertuko dituzte. Gaur eman dute Aranzadirekin egindako bigarren akordioaren berri Mikel Arregi Zestoako alkateak, Garikoitz Mendizabal EAJren udal bozeramaileak eta Jabi Buces Aranzadiko ikertzaileak.

Memoria historikoa berreskuratzeko bidean, agintaldi hasieran lehen hitzarmena sinatu zuten Zestoako Udalak eta Arantzadi zientzia elkarteak, 1936 eta 1945 urteen artean, 36ko gerra eta frankismoaren lehen garaietan, Zestoan bizitakoaren berri jasotzeko. Ikerketa horren barruan, hiru hitzaldi antolatu eta Oroimenaren Bulegoa ireki zituen udalak. Baina pandemiak bete-betean harrapatu zuen egitasmoa, eta ondorioz, Saseta defentsa sistemaren inguruko hitzaldia egin gabe geratu zen, eta Oroimenaren Bulegoa egun bat gutxiagoz zabaldu zuten. Orain, ikerketa behar bezala bukatzeko, azaroaren 30ean Oroimenaren Bulegoa irekita izango dute herritarren batek testigantzarik eman nahiko balu, eta egun berean 2020an egin gabe gelditutako solasaldia egingo dute. Memoria historikoa ikertzeko lehen lan hori bukatzear dute, gaur Zestoako alkateak azaldu duenez: "Aurreko fasearen ikerketa lana datozen bizpahiru hilabeteetan bukatuko da, jasotako testigantzekin eta egindako ikerlan guztiarekin liburua argitaratutakoan eta hori herritarren esku jarritakoan".

Gertuko memoria

1960tik gaur egunera arte Zestoan gertatutakoa da orain udalarekin egindako bigarren akordioaren bidez Aranzadi ikertzen hasiko dena. Arregiren ustez, "ezinbestekoa" da gertuko memoria ere aztertzea: "Giza eskubideen urraketak gure garaietara arte izan dira, eta azken hamarkadetan euskal gatazka deitua izan den horretan indarkeria mota desberdinek egindako giza eskubideen urraketa ikertzea ere ezinbestekoa da; azkenean, biktima guztiek daukatelako egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea".

Aranzadik Zestoako Udalari gertuko memoria aztertzeko proposamena egin zion, eta hori onartzea erabaki dute. Bi arrazoi kontuan hartuta, alkatearen arabera: "Batetik, Aranzadik era honetako ikerketak herri askotan egin ditu, eta horrelako lan bat ikuspegi neutral eta zientifiko batetik ikertzeko elkarte egokiena Aranzadi da. Bestetik, Zestoako Udala ordezkatzen dugun indar politikoak neurri batean, ñabardurak ñabardura, ados izatea interesgarria da".

EAJren ordezkariarentzat ere gertuko memoria ikertzea "behar-beharrezkoa" da, egia, justizia eta erreparazioa lortu nahi badira: "Ezin dugu beste aldera begiratu". Hala ere, esan du ikerketaren asmoaren berri jakin zutenean, EAJkoek "beren kezka" azaldu zutela: "Herri askotan giza eskubideen urraketak egin dituena gero biktima ere bihurtu delako, eta hori ikerketan nola bisualizatu edo agertuko denaren aurrean kezka pixka bat azaldu genuen. Baina horrek ez du inondik inora oztopatu nahi ikerketa lan hau. Beraz, gure aldetik argi berdea izan du hasiera-hasieratik, eta uste dut hala behar duela izan Zestoan ordezkatuak gauden indar politikoen aldetik". Horren ondotik, Mendizabalek esan du haien ustez ikerketaren bukaeran "irakurketa eta balorazio politikoa egin beharko liratezkeela: "Azkenean, ikerketa datu base handi bat izango da, gertatu diren gertaerak jasoko dituen biltegia izango da. Beraz, beharrezkoa dela iruditzen zaigulako, ondoren irakurketa eta balorazio politiko bat beharko luke, eta hor ezker abertzaleari tokatu beharko zaio, espekulaziorik gabe, irakurketa eta balorazio politikoa egitea, autokritika egitea, zehatza, ausarta eta erreparazioan lagunduko duen mezu gordin eta benetako batekin".

Memoria osoa

Zestoak "memoria osoa" berreskuratzeko hartutako konpromisoa nabarmendu du Aranzadiko ikerlariak. "Zestoako Udalak memoria integrala ezagutzeko konpromisoa hartu du; hau da, euskal gatazkaren ondoriozko indarkeria edo motibazio politikoko indarkeria ikertzekoa. Konpromiso horri esker, Zestoan azken 80 urteetan giza eskubideen urraketa zeinek sufritu zuten eta zeintzuk sufritzen ari diren ezagutuko dute, eta gu horretan laguntzeko gaude. Biktima guztiek dute egiarako, justiziarako eta erreparaziorako eskubidea, eta ikerketa historikoaren bidez, gertatutakoa ezagutzen, egia jakiten saiatuko da Aranzadi. Hori da gure lana; biolentzia eta biktima guztiak ikertzeko gaude. Justizia eta erreparazioa ez dira gure lana; baina egia jakin gabe ezin da eskatu justizia eta erreparazioa".

1960tik gaur egunera arteko Zestoako ikerketa egiteko hainbat faktore hartuko ditu kontuan Aranzadik. Giza eskubide urraketa eta indarkeria guztiak modu integralean ikertzea helburu jarrita egingo du lan, eta horretarako metodologia zientifikoa erabiliko du, nazioarteko irizpideetan oinarrituta. "Modu integralean ikertuko dira giza eskubideen urraketak, eta ez partzialean", azpimarratu du Bucesek. Era honetako ikerketetan "polizia artxiborako sarbidea" da eragozpen handiena Aranzadikoaren hitzetan, baina, hala ere, kasu guztietan bukaeraraino iristeko "ahal duten dena" egingo dutela esan du.

Herritarren eta herriko eragileen laguntza

Ikerketarako dokumentazio lanerako herritarren, herriko eragile sozialen nahiz alderdi politikoen laguntza "oso garrantzitsua" dela esan du Aranzadiko ikerlariak: "Kasu askotan, urraketak dokumentatzeko ez dago dokumenturik, giza eskubideen urraketa kasu askok ez dute euskarri dokumentalik, eta horien berri testigantzen bidez jaso ahal dugu. Beraz, lana bukatutakoan emaitza orekatua izateko, oso inportantea da herritarren eta Zestoako eragileen ekarpena".

Zer gertatu den jakitea, egia osoa jakitea, eskubide bat dela gogorarazi du Bucesek, eta ikerketaren azken emaitza "egiaren erradiografia" izatea nahi dute. "Ikertzaileon lana egia hori ikertzea da. Gu ez gaude printzipio etikoak finkatzeko, gu ez gara elkarte memorialista bat, eta gu ez gaude esateko bata edo bestea gaizki ala ondo egin zen. Gu gertatutakoa eta biktimak identifikatzeko gaude, hori da gure lana", nabarmendu du historialariak.

Gertuko memoriaren ikerketa Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat udalerritan egin dutela azaldu du Aranzadikoak, eta tokian tokiko ikerketa proiektuen balioa nabarmendu du. "Tokiko ordezkariak, kanpoko baldintza politikoen gainetik, pauso inportanteak ari dira ematen, eta hori batzuetan ez da erraza. Tokiko dinamikak oso ondo funtzionatzen dute, eta bizikidetza sendotzeko herrietan gauzak egiten ari dira", esan du.

Nola lagundu?

Gertuko memoriaren ikerketa egiteko Oroimen Bulegorik ez dute zabaltzen Aranzadikoek, konfidentzialtasuna gehiago bermatu behar dutelako. "Gertuko memoria ikertzeko, konfidentzialtasuna bermatuz, azpiko lan asko egin behar da", esan du Bucesek. Testigantzak jasotzeko modu desberdinak erabiltzen dituzte: "Ez da beharrezkoa testigantza emateko kamera aurrean jartzea eta grabatzea. Batzuk beren esperientzia idatziz ematen digute, edota haiek bizirik dauden artean haren berririk ez emateko eskatzen digute". Aranzadikoaren arabera, inportanteena testigantza "orain ematea" da. Zergatik? "Frankismo garaiko ikerketekin daukagun esperientziaren arabera, testigantza asko senideen bidez jaso behar izan ditugu, gertaerekin lotutako pertsonak hilda daudelako. Horregatik da garrantzitsua gertuko memoria orain dokumentatzea, lan hori orain egiten ez bada, etorkizunean ez delako existituko. Inportanteena dokumentatzea da".

1960tik gaur egunera arteko giza eskubideen urraketaren testigantzak emateko edota Aranzadikoekin harremanetan jartzeko modu desberdinak jarri dituzte: posta elektronikoz jbuces@aranzadi.eus edota memoria@aranzadi.eus  helbide elektronikoetara idatzi daiteke. Telefonoz harremanetan jartzeko, berriz, 699 80 91 30 da zenbakia.