Europako etxe txakur zaharrenetariko bat Zestoan bizi izan zela ondorioztatu du EHUko zientzialari talde batek

Nerea Uranga 2022ko aza. 26a, 09:00
Jesus Altuna arkeologoak Zestoako Erralla kobazuloan aurkitutako humero hezurra.

EHUko zientzialari talde batek, 1985. urtean Erralla kobazuloan aurkitutako humero hezurra aztertuta atera du ondorio hori.

Zestoako Erralla kobazuloan Jesus Altuna arkeologoak zuzendutako talde batek humero hezur bat aurkitu zuen, 1985. urtean. Ia osorik zegoen, eta kanido baten aurreko hankako hezurra zen; otsoak, azeriak, txakurrak edota koioteak biltzen dituen haragijale familiakoa, alegia. Garai hartan, ordea, ez zuten hezurra identifikatzeko aukerarik izan, horretarako baliabiderik ez zegoelako.

Orain, Conchi de la Rua irakasleak zuzentzen duen EHUren Giza Biologia Ebolutiboko taldeak sakon aztertu du Errallan aurkitutako hezur hondakina, eta  haiek egindako analisi morfologikoak, erradiometrikoak eta genetikoak berretsi egin du espeziearen identifikazio genetikoa: Canis lupus familiaris (etxe txakurra). Karbono 14a erabiliz egindako zuzeneko datazioarekin (masen espektrometria eta partikulen azeleragailu bidez), humeroaren antzinatasuna  identifikatu dute, eta 17.410 eta 17.096 urte arte dituela baieztatu dute. Ondorioz, Errallako txakurra Goi Paleolitoaren Madeleine aldian bizi izan zela atera du ondorio gisa De La Ruak zuzendutako zientzialari taldeak, eta "Europako etxe txakur zaharrenetariko bat dela esan daitekeela" adierazi dute aste honetan ScienceDirect atarian argitaraturiko ikerketan.

Errallan aurkitutako humero hezurra ikertu duen zientzialari taldea: Conchi de la Rua, Santos Alonso, Montse Hervella  eta Neskuts Izagirre. (Argazkia: EHU)

Errallako txakurraren eta orain arte aztertu diren Madeleine aldiko "txakur urrien etorki mitokondriala berberak" dira, EHUko ikerlari taldeak azaldu duenez: "Etorki horren jatorria lotuta dago Azken Izozte Maximoarekin bat datorren klima hotzeko aldi batekin, Europan duela 22.000 urte inguru izan zena". Errallako aurkitutako humeroaren ikerketaren emaitzak ikusita, "otsoaren etxekotzea orain arte uste zena baino lehenago" gertatu ahal izan zela esan du De la Rua Giza Biologia Ebolutiboko taldearen zuzendariak: "Mendebaldeko Europan –krisi klimatikoaren aldian, izoztetik babestuta egon ziren eremuetan, Franko-Kantauriar eremuan, adibidez– behintzat, Paleolitoko ehiztari biltzaileen interakzioa espezie basatiekin areagotu ahal izan zen, hala nola otsoarekin".  

Erralla kobazuloa Zestoako lurretan dago, Altzolarasen, itsas mailatik 230 metrora.