Prest dute Iraetako Santa Ines jaietarako egitaraua

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 6a, 10:26
Iazko Santa Ines jaietako irudi bat.

Urtarrilaren 21etik 28ra bitartean ospatuko dituzte festak, eta egun horietan askotariko ekintzak izango dira Zestoako auzoan. Besteak beste, salgai daude urtarrilaren 21ean egingo duten Garagardo Ferirako sarrerak.

Iraetan hasi dira dagoeneko Santa Ines jaietarako prestatzen. Urtarrilaren 21etik 28ra bitartean ospatuko dituzte festak, eta egun horietan askotariko ekintzak izango dira Zestoako auzoan.

Urtarrilaren 21ean, Garagardo Feria egingo dute. Saltxitxak, txerri ukondoa, postrea eta nahi adina garagardo izango dira dastatzeko, 20:30etik 00:00etara. Txartelak urtarrilaren 20ra bitartean izango dira salgai, 20 eurotan, Iraeta, Koiote eta Portale tabernetan nahiz Iraetako futbol zelaian. Gainera, gau osoan zehar autobusak ibiliko dira joan-etorrian Azkoitia eta Zumaia artean.

Urtarrilaren 27an, berriz, XXXII. Mus Txapelketa Azkarra jokatuko dute. 22:30ean hasiko da lehia, eta 22:00etarako eman beharko da izena. Bekotxe tabernan –merenderoan– jokatuko dute txapelketa, eta bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko du. Honako sari hauek banatuko dituzte irabazleen artean: lehen sailkatuek mila euro, txapelak eta garaikurrak eskuratuko dituzte; bigarren sailkatuek 400 euro eta garaikurrak; hirugarren sailkatuek berrehun euro, eta laugarren sailkatuek ehun euro.

Hona hemen egitaraua:

Urtarrilak 21, larunbata. Santa Ines eguna.

  • 10:00. Txupinazoa.
  • 11:00. Santa Ines eguneko meza.
  • 12:00. Iraetako pilota txapelketaren finalak.
  • 21:00. Afari herrikoia. Garagardo afaria.
  • 23:00. Kontzertuak: Manitu, Dissplasy, Olaberri DJa.

Urtarrilak 22, igandea.

  • 17:30. Herri kirol erakustaldia.
    -Urrezko aizkora: Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal Etxeberriaren eta Txapartegiren aurka.
    -Errota Harria: Xabat Olaizola, Gari Garmendia Garmendia II.a, Mikel Lopetegi Urra, Paulo Azpiazu eta Beñat Telleria.
  • 18:30. Emakumeen Harrijasotze Dema: Olaia Esnaola eta Maddi Gesalaga.

Urtarrilak 27, ostirala.

  • 22:30. Mus txapelketa, Bekotxen.

Urtarrilak 28, larunbata. Umeen Eguna.

  • 13:00. Pintxo lehiaketa, Gure Ordeka elkartean.
  • 14:00. Pintxo bazkaria, Gure Ordeka elkartean.
  • 17:00. Umeentzako puzgarriak, Iraetako frontoian.
  • 17:30. Iraetako trena umeentzat eta familientzat.
  • 18:00. Txokolatada.