Haurren eta gaztetxoen hizkuntza ohituren gainean hausnartzeko tailer irekia egingo dute asteartean Zestoan

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 13a, 09:16
Alondero eraikina. Horko aretoan egingo dute tailer irekia urtarrilaren 17an.

Euskara Foroak antolatu du eta Alonderoko aretoan izango da, 17:00etan. Horrez gain, Telegram sare sozialak ematen dituen itzulpen aukerak azaltzeko gurasoei zuzendutako bi saio ere prestatu ditu foroak datorren asterako. Astelehenean eta ostegunean, 16:30etik 18:30era, kiroldegiko sarreran egongo dira Euskara Foroaren kideak, saio horiek emateko prest.

Herriko haurren eta gaztetxoen artean euskararen erabileran sumatzen duten atzerakada da Zestoako Euskararen Foroaren kezketako bat, eta horri aurre egiteko tresnak eta estrategiak garatzeko bidean lanean ari dira. Foroaren arabera, "gero eta gutxiago entzuten da euskara, gero eta traketsago, baita haurren eta gazteen artean ere". Gaiarekin lotuta, bi ekintza prestatu dituzte datorren asterako.

Batetik, tailer irekia antolatu du foroak datorren astearterako, hilaren 17rako. "Zer egin herriko haurrek eta gaztetxoek euskaraz gehiago eta hobeto hitz egiteko?" galderatik abiatuta, hausnartzeko eta proposamenak plazaratzeko tartea hartu nahi dute astearteko saioan. Alonderoko aretoan jarri dute hitzordua, 17:00etan, eta gaiarekiko interesa edo kezka duten herritar guztiak gonbidatu ditu Euskararen Foroak bertara. Tailerra euskaraz egingo dute, baina aldibereko itzulpen zerbitzua ere eskainiko dute euskara ulertzen ez dutenentzat; zaintza zerbitzua ere aukeran izango da, aldez aurretik eskaera Euskara Zerbitzuan (943-14 70 10 telefonoa) eginez gero.

Telegramen inguruko saioak

Bestetik, Telegram sare sozialak eskaintzen dituen itzulpen aukerak azaltzeko bi saio ere antolatu ditu Zestoako Euskara Foroak datorren asterako. Astelehenean eta ostegunean, urtarrilaren 16an eta 19an, kiroldegiaren sarreran egongo dira Euskara Foroaren kideak saio horiek emateko prest, 16:30etik 18:30era.

Saio horiek bereziki gurasoei zuzenduta daude, eta horregatik aukeratu dituzte toki eta ordutegi horiek, "guraso gehienak inguru horretan egongo direla jakitun". Saioen helburua da Telegram bidezko itzultzaile automatikoak erabiltzen ikastea. "Telegramek, Whatsappak ez bezala, hizkuntza askotako itzulpenak egiteko aukera eskaintzen du, erabiltzaile bakoitzak beste hizkuntza batean idatzitako mezuak bere hizkuntzan ere irakurri ahal izateko aukera", azaldu du Euskara Foroak. Aukera horiek nola baliatu azalduko dute datorren asteko saioetan, baita Telegramen "oinarrizko ezagutzak" ere, sare sozial hori ezagutzen ez dutenentzat.