Zestoako pentsiodunak ere kalera irten dira mobilizazioen bosgarren urteurrenean

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 16a, 15:25
Zestoako pentsiodunen gaur eguerdiko elkarretaratzea. (Utzitakoa)

Herriko pentsiodunen plataformak deituta, 25 lagun elkartu dira Gurutze ondoko aterpean.

Zestoan ere gogoan izan dute gaur Hego Euskal Herriko pentsiodunen mobilizazioen bosgarren urtebetetzea. Ohi dutenez, eguerdian elkartu dira Gurutzean, eta euri jasatik babesteko ondoko aterpean kokatu dira, Pentsioak, osasuna, zaintza... Bizitza duina guztiontzat lelodun pankarta irekita.

25 lagunek erantzun diote gaurkoan Zestoako Pentsiodunen Plataformaren deialdiari, eta aparteko ospakizunik izan ez duten arren, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduaren (EHPM) manifestua irakurri dute, bost urteotako lorpenei eta borrokari errepasoa eginez.