Aizarnako eskolaren jolastokiko estalpea indartu du Zestoako Udalak

Aizarnako eskolaren jolastokiko estalpea, lanak bukatuta. (Zestoako Udala)

Euritik babesteko elementuak gehitu dizkiote lehendik zegoen estalkiari, horren erabilpena errazteko helburuarekin.

Aizarnako eskolaren jolastokiko aterpeari etekin hobea ateratzeko moduan izango dira aurrerantzean. Hori izan da, behintzat, Zestoako Udalak aterpe hori indartzeko egin dituen lanen helburua.

Eskolako jolastokiaren ekialdeko 150 metro koadroko gune estaliali nahi adina erabilerarik ezin izan diote eman orain arte, udalak azaldu duenez: "Eraikin berria egin zenetik, euria ari zuenean, oso erabilpen txikia ematen zitzaion gune horri. Alde batetik, iparraldetik euria sartzen zen haizeak lagunduta eta, beste aldetik, eraikin nagusiaren eta estalkiaren artean zegoen gune irekiak bertan egin beharreko jarduerak asko baldintzatzen zituen". Arazo horiek konpondu nahian, elementu berriak gehitu dizkiote estalkiari. 11.000 euro pasatxoko diru poltsarekin osatu dituzte estalpea indartzeko lanak.