Bertso altxorra herriaren esku jarri du Xabier Unanuek

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 19a, 17:23
Pako Aristi, Amaia Garate, Xabier Unanue, Olalde aita-semeak eta Margari Eizagirre zinegotzia, gaurko ekitaldiaren amaieran. (Mailo Oiarzabal)

Berak transkribatutako 42.000tik gora bertsok eta hainbat dokumentuk osatutako bilduma dohaintzan eman dio Zestoako Udal Liburutegiari, han gorde eta herritarrek eskura izan dezaten.

Opari mardul bezain aberatsa jaso du Zestoako Udal Liburutegiak, eta haren bidez Zestoako herriak, Xabier Unanueren eskutik. Bertsolaritzarekiko maitasunak hauspotutako haren urteetako lan etengabeak eta nekaezinak utzitako fruitua interesa duen herritar orok eskura du dagoeneko, digitalizatuta, Alonderoko liburutegian. Fruitu aberatsa, inola ere, 42.000tik gora bertso eta hainbat agiri txukun-txukun jaso eta gordeak baititu Unanuek bere bilduman.

Dohaintza gaur goizean irudikatu dute liburutegian. Amaia Garate liburuzainari bilduma jasotzen duen USB giltza eman zion Unanuek, eta Garatek liburutegiko zigilua jarri dio hari. Gailu txikitxoak barruan gordetzen duenaren tamaina fisikoa aurkezpena egin duten ondoko mahaian ikusgai zegoen: ehunka kasete, liburuki multzo handia eta 31 VHS bideo ere bai.

Zukututako kaseteak

Aurretik, bildumaren edukia xehetu du Unanuek gonbidatuen eta prentsaren aurrean. Hamabi atal edo multzotan banatu ditu Unanuek bildumaren edukiak, eta hainbat daturekin eta pasarterekin aberastu du atal bakoitzean jasotakoaren azalpena.

Zestoan 1976 eta 2000 urteen artean egindako 50 jaialditan jasotako bertsoen transkripzioek osatzen dute bildumaren ataletako bat. Tarte horretan herrian aritu zen bertso taldeko partaide izan zen Unanue, eta 37 jaialditako grabazioak bereak dira; beste hamahiruak, berriz, Xenpelar dokumentazio zentroak utzi zizkion, transkribatzeko. Zestoatik kanpoko saioetan grabatutako 244 kasetetako transkripzioak ere eskura jarri ditu Unanuek liburutegian utzi duen bilduman; kasete horietatik 115 Laxaro Garatek –gaur ondoan izan duen liburuzainaren osabak– utzi zizkion, "Zestoako bertsozalerik porrokatuenak". Herritik kanpoko beste 110 bat bertso saioren transkripzioak gehitu behar zaizkie aurrekoei. Azken horien soinu artxiboa, kasetetan jasoa, galdu egin da, zintak berrerabili egin baitzituen Unanuek. "Orduan, ez nuen inola ere pentsatzen bilduma hau osatuko nuenik. Grabatzen nituenak transkribatu, eta berriz erabiltzen nituen kaseteak", azaldu du.

Santa Agedaren bueltako tradizioarekin lotutako bi atal ditu Unanueren bildumak: Zestoan 1992tik 2016ra artean santa eskean kantatutako kopla ia guztiak, 10.000 bat orotara, transkribatuta; eta Zestoakoak ez ezik, beste hainbat herritan jasotako Santa Agedako tradizioen eta ohituren dokumentazioa.

Unanue eta Garate elkarri eskua ematen, dohaintza egikarituta. (Mailo Oiarzabal)

Bertsolaritzaren aro bat eta Unanueren belaunaldiko bertsozaleentzat erreferente izandako hiru bertsolariren zientoka bertso ere irakur daitezke zestoarraren bilduman: Manuel Olaizola Uztapiderenak, Inazio Eizmendi Basarrirenak eta Fernando Aire Xalbadorrenak. Beretzat bertsolari kutunenetakoa izan arren, Nafarroa Behereko haren euskalkia ulertzeko zailtasunak tarteko, Xalbadorren bertsoak "nolabait" jasotzen zituela esan du Unanuek. "Xalbadorren bertsoak entzun, denak entzuten nituen; baina ulertu, gutxi", aitortu du. Nolabait edo halamoduz, baina, transkribatzen zituen Urepelekoaren bertsoak, eta hara non, liburutegian utzi duen altxorraren barruan dauden Xalbadorren 1.588 bertsoak egoki eta behar bezala transkribatuta daudela azaldu du. Jexux Mari Mujikaren bidez helarazi zizkion transkribatutako bertsoak Xalbadoreen alabari, hura aitaren bertso ondarea jasotzen ari zela eta. "Bidali nizkion transkripzioak eta grabazioak, eta handik sei-zortzi hilabetera bilduma hori itzuli zidan, berak behar bezala zuzenduta. Harribitxia da niretzat, ni ez naiz gai hori egiteko", kontatu du Unanuek.

Zestoako bertso gordailua

Bertsolaritzarena oro har, baina bereziki Zestoako edota Zestoarekin lotutako bertsoen eta bertso munduaren gordailua da Unanueren bilduma. Izan ere, orain arte aipatutakoez gain, Unanuerentzat bereziki kutuna den beste atal batean jaso ditu Zestoan edo zestoarrek sortutako bertso jarrien, idatzitako bertsoen, transkripzioak. Zestoan bertso idatziaren arrastoan izena eman dio berak bildumaren barruko bilduma berezi horri. 1898an herrian egin zituzten Lore Jokoetako bertso paper lehiaketan saritutako bertsoekin hasi, eta XX. mendean zein XXI.aren hasieran idatzitako askotariko bertsoak jaso ditu Unanuek, bertsolari ezagunenak –Uztapiderenak edo gaurko ekitaldian izan den Jexux Iribar Olalderenak, esaterako– eta ez hain ezagunenak. "Inoiz inork bilduma hau [Zestoan bertso idatziaren arrastoan izenekoa] erabili nahi izanez gero, egileen edo beren familien baimena beharko luke izan", zehaztu nahi izan du Unanuek.

Ekitaldiaren bukaeran Olaldek bildumagilearen lan eskerga goraipatu duenean, bestaldean jarri nahi izan du arreta Unanuek: "Jar ditzagun gauzak bere lekuan. Nik egin dudana lana dela, garbi dago, baina gustuko lanean aldaparik ez dago. Baina honen protagonista bat da, eta hori bertsolaria da".