Txarangaren musikarekin eta pilota partidekin hasi dituzte Santa Ines jaiak Iraetan

Nerea Uranga 2023ko urt. 21a, 14:32

Gaur hasita, bi asteburutan ospatuko dituzte santainesak Iraeta auzoan. Goizean txupinazoa bota dute, eta meza ostean, pilota txapelketako finalak izan dira pilotalekuan.

Garaian garaikoa; hotz ederra egiten zuen gaur goiz-eguerdi artean Iraetan. Hala ere, festari ukorik egin gabe 10:00etan bota dute aurtengo santainesak hasteko txupinazoa, eta ondoren meza izan da Iraetako elizan. Elizkizuna bukatu orduko, Zestoako txarangak kalejira egin du auzoan zehar. Ondoren, Goazen frontoira pieza joaz egin dute auzoko elkartetik pilotalekurako bidea musikariek, atzetik pilota txapelketako finalak jokatu dituzten pilotariak eta Jon Uria epailea zituztela .

1978an inauguratu zuten Iraetako frontoia, eta ordutik urtero jokatu da auzoko festen bueltan pilota txapelketa. "Pandemiaren urtean ez zen jokatu, eta aldi hori kenduta, beste urte guztietan jokatu da txapelketa. Kontuak aterata, aurten 45.a izan beharko luke, baina jokatu gabeko urtea kontuan hartuta, 44.a da aurtengoa", azaldu du Jon Uria pilota txapelketaren antolatzaileak eta epaileak.

Iazko azaroaren 13an hasi zuten bikotekako Iraetako pilota txapelketa, eta zortzi bikotek parte hartu dute. Gaur, santainesen barruan, hirugarren eta laugarren postuak jokatu dituzte aurrena, eta ondoren, finala. Lehen partida Pello Etxabek eta Aitzol Olidenek Mikel Armendarizen eta Ioritz Arantzetaren kontra jokatu dute, eta Etxabe-Oliden izan dira nagusi 18 eta 13 eginda.

Pilota txapelketako finala Joseba Izagirre eta Lier Azagirre bikotearen eta Jon Mirandaren eta Adonis Gelisen artean jokatu da. 22 eta 13 eginda Miranda-Gelis izan dira aurtengo Iraetako Bikotekako Pilota Txapelketako irabazleak.

Festak jarraitu egingo du Iraetan. 21:00etan, Garagardo Feriaren bueltan, herri afaria egingo dute iraetarrak, eta ondoren, 23:00etan hasita, kontzertuak izango dira: Manitu, Dissplasy eta Olaberri DJa.

Bihar, igandea, herri kirol erakustaldiak izango dira Iraetan. 17:30ean hasita, Urrezko aizkoran, Hodei Ezpeleta eta Jokin Urretabizkaia Basozabal Etxeberriaren eta Txapartegiren aurka ariko dira. Eta Errota Harria jasotzen jardungo dute Xabat Olaizola, Gari Garmendia Garmendia II.a, Mikel Lopetegi Urra, Paulo Azpiazu eta Beñat Telleria harri jasotzaileak. Jardunaldi horien ostean, 18:30ean, Emakumeen Harrijasotze Dema jokatuko dute Olaia Esnaolak eta Maddi Gesalagak.

Urtarrilaren 27rako eta 28rako ere santainesetako ekitaldiak antolatu dituzte Iraetan.