Otsailaren 12an, igandez, egingo dute aurtengo Kobaz Koba Trail mendi lasterketa, eta probarako prestatzeko entrenamendu saioa antolatu dute lasterketa antolatzeaz arduratzen diren Agiro mendi klubak eta Arazi enpresak.
Zestoarrei zuzendutako entrenamendua zapatuan, urtarrilaren 29an, egingo dute. Artzei izeneko hamabost kilometroko ibilbidea egiteko aukera izango dute herritarrek oinez nahiz lasterketa. Doakoa izango da saioa, baina parte hartu nahi dutenek asteazkenerako eman beharko dute izena info@kobazkobatrail.com helbidera mezua idatzita.
Entrenamendua 09:00etan hasiko da, Agiroko kideen ongietorriarekin. Irteera, berriz, 09:15ean izango da, eta hiru orduko itzulia egingo dute. Saioa bukatzean hamaiketakoa egingo dute.