Kiroldegiko frontoiaren teilatuko lanak esleitu ditu Zestoako Udalak

Mailo Oiarzabal 2023ko urt. 23a, 10:42
Zestoako kiroldegia.

Bigarren saiakeran lortu du erakundeak lanak adjudikatzea: Proviser Iberica eta Idenort enpresek osatutako ABEak egingo ditu lanak, 1.160.220 euroko aurrekontuarekin. Bost hilabete inguru iraungo dute lanek, udalaren aurreikuspenaren arabera.

Kiroldegiko pilotalekuaren teilatua berritzeko lanak esleitzea lortu du, bigarren saiakeran, Zestoako Udalak. Iazko ekainean atera zituen lanak lehiaketa publikora erakundeak, baina enpresa bakar bat ere ez zen aurkeztu eta hutsik gelditu zen lehiaketa hura. Azaroko udalbatzarrean aho batez onartu zituzten lehiaketaren deialdi berriaren oinarriak, moldatuta eta prezioak eguneratuta, eta joan den ostegunean egin zuten ez ohiko udalbatzarrean onartu zuen udalak lanen adjudikazioa.

Bigarren deialdira bi enpresak aurkeztu dituzte proposamenak, Artzamendi SAk eta Proviser Iberica eta Idenort enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresak (ABE); eta azken horri adjudikatu dizkio lanak udalak. Bigarren deialdirako aurrekontua %15 igota, 1.274.843 eurotan atera zituen lizitaziora lanak udalak, baina azkenean merkeago eman ditu, 1.160.220 euroko aurrekontuarekin, "lehiaketara aurkeztutako aurrekontuaren %7,02ko beherapenarekin", Udal Gobernak nabarmendu duenez.

Kiroldegiko pilotalekuaren amiantozko teilatua eta ondoko estalpea desmuntatu, eta egurrezko habeen gainean onarrituko den hegal bateko estalpe berria eraikiko dute adjudikatu berri duten proiektuaren bidez. Estalpe berriaren azalera eguzki plakak jartzeko baliatuko dute, eta "instalazio horrek ekoiztuko duen energiaren zati bat sortzear den energia komunitateari zesioan uztea aztertuko" du Zestoako Udalak.

Kiroldegiko frontoiaren estalkia berritzeko lanak bost hilabetetan osatzea aurreikusi du erakundeak.