Etzi Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa jokatuko dute Zestoan

Aitziber Arzallus 2023ko urt. 26a, 17:16
Zestoako udal ordezkariak eta etziko jaialdian parte hartuko duten zenbait aizkolari gaur, Zestoako kiroldegiko frontoian. (Aitziber Arzallus)

Kiroldegiko frontoian izango da saio, 18:00etan hasita. Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Zestoako Turismo Bulegoan eros daitezke sarrerak, edo kiroldegian bertan jaialdia hasi aurretik.

Aizkora zaleek hitzordu interesgarria dute larunbat arratsaldean Zestoan. 18:00etan hasita, Sherpa.ai Binakako Aizkolari Txapelketa Nagusia jokatuko dute kiroldegiko pilotalekuan. Bi txapel izango dira jokoan: lehen mailakoa batetik, eta promozio mailakoa bestetik. Lehen mailako lehian, lau bikote ariko dira nor baino nor: Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Arkaitz Jauregi, Eneko Otaño beizamarra eta Jesus Mari Mujika, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Iñaki Azurmendi, eta Ugaitz Mugertza eta Julen Larrea. Promozio mailakoan, berriz, hiru bikote lehiatuko dira: Eloi Corchero eta Aratz Mugertza, Eneko Saralegi eta Asier Pellejero, eta Julen Kañamares eta Julen Olano.

Gaur goizean egin dute jaialdiaren aurkezpena Zestoako kiroldegiko pilotalekuan bertan, eta han izan dira jaialdian parte hartuko duten kirolarietako zenbait, Mikel Arregi Zestoako alkatea eta Marga Eizagirre zinegotzia. Biharko "lehia estua eta ikuskizuna" agindu zituzten aizkolariek; frontoian "giro goxoa" izango dela ziurtatu du, bere aldetik, herriko alkateak. "Kanpoan hotz egingo duen arren, berogailua piztuta izango dugu hemen; beraz, jendeak ez dezala izan hotza pasatzeko beldurrik". Horiek horrela, zestoarrei zein bailarako herritarrei animatzeko deia egin diete guztiek.  

Arregi izan da atzoko aurkezpenean hitza hartzen aurrena, eta gustura azaldu da beste behin ere maila handiko aizkora jaialdi bat herrian hartuko dutelako. "Urte batzuk pasatu genituen herri kiroletatik apur bat aldenduta herrigune nagusiari dagokionez, baina, orain, Euskal Herriko aizkolaririk onenak herrian izatea harrotasunez eta ohorez hartzen dugu". Dagoeneko badira urte batzuk urtean behin bada ere Zestoan lehen mailako aizkora jaialdi bat antolatzen dutela. Arregik zehaztu du aurreko urteetan banakako txapelketako final aurreko saioak jokatu izan zituztela Zestoan, eta herenegun, lehenengoz, binakako finala jokatuko dutela. "Gainera, Euskal Herri guztian ez ezik, bailaran ere aizkolari bikainak ditugu, eta bihar horietako batzuk bertatik bertara ikusteko aukera izango dugu".

Larrañaga, Otaño eta Txikia IV.a dira etzi Zestoan ariko diren bailarako aizkolariak eta, hain zuzen ere, horietako batek, Txikia IV.ak, hartu du hitza gaurko aurkezpenean. Zestoako Udalari eta herriari eskerrak emanez hasi du hitzartzea, "gure kirolari ematen ari diren babesagatik".

Azalpenetan sartuta, azaldu du biharko finala 2022ko denboraldiari zegokiona dela. "Hasiera batean abenduan egitekoa zen txapelketa hau, baina agenda kontuengatik, azkenean urtarrilera atzeratu behar izan dugu". Bikoteak osatzeko erabilitako irizpideaz ere jardun du azkoitiarrak. "Aurreko edizioan bezala, aurreko urteko banakako txapelketako sailkapena hartu dugu kontuan bikoteak egiterako orduan". Eta gaineratu du, oso bikote parekatuak direla eta faborito argirik ez dagoela; "seguru gaude etortzen denak gozatu ederra hartuko duela". 

Aizkolariek egin beharreko lanari dagokionez, maila nagusian berrikuntza edo aldaketa bat egin dutela adierazi du Txikia IV.ak, "ikusleentzako saio politagoa eta eramangarriagoa izateko helburuarekin". Horrela, lehen mailako aizkolariek sei kana erdiko, sei 60 ontzako eta sei oinbiko ebaki beharko dituzte; promozio mailako aizkolariek, berriz, lau kanaerdiko eta lau 60 ontzako.

Jaialdirako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Azpeitiko Mendizabal erretegian eta Zestoako Turismo Bulegoan, hogei euroren truke. Aurrez erosterik ez dutenek, etzi ere izango dute aukera, jaialdia hasi baino ordubete lehenagotik, Zestoako kiroldegiko leihatilan bertan.