Pilota Egokituko Gipuzkoako Txapelketaren jardunaldia jokatuko dute larunbatean Zestoan

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 6a, 14:53
Jurdan Arakistain, artxiboko argazki batean.

Adimen urritasuna duten kirolarien teniseko paleta txapelketaren hirugarrena izango da. Jurdan Arakistain zestoarra da lehiatuko diren kirolarietako bat. 10:00etan hasiko da jardunaldia, kiroldegiko pilotalekuan.

Euskal Pilota Egokituko Gipuzkoako XIII. Txapelketaren hirugarren jardunaldiko partidak Zestoan jokatuko dituzte larunbat honetan, otsailaren 11n.

Bi modalitatetan ari dira jokatzen txapelketa; batetik, teniseko paletan ari dira lehiatzen adimen urritasuna duten pilotariak; bestetik, gomazko paletan, gurpildun aulkian jokatzen dutenak.

Zestoako jardunaldian teniseko paletako txapelketaren partidak soilik jokatuko dituzte, buruz burukoak. 10:00etan hasita, goiz osoan zehar hainbat partida jarraitzeko aukera izango da kiroldegiko pilotalekuan. Lehian ariko direnen artean izango da Jurdan Arakistain zestoarra, eta jardunaldi osoaz gozatzera zein herrikidea animatzera joateko deia egin die zestoarrei Kirol sailak.

Otsailaren 25ean Araman laugarren jardunaldia jokatu ondoren, martxoaren 18an izango dira adimen urritasuna dutenen buruz buruko teniseko paleta txapelketaren finalak Tolosan, Beotibar pilotalekuan.