Iñaki Iruretaren oroimenezkoa izango da aurrerantzean Zestoako Herri Krosa

Mailo Oiarzabal 2023ko ots. 8a, 10:29
2022ko Zestoako Herri Krosaren artxiboko irudia. (Ihintza Elustondo)

Martxoaren 19an jokatuko da Zestoako Atletismo Taldeak eta udalak elkarlanean antolatutako probaren 43. edizioa. Lasterketa nagusietarako izen-ematea ireki dute dagoeneko, Herrikrosa.eus webgunean.

Martxoaren 19an, San Jose egunez, egingo dute aurten ere Zestoako Herri Krosa, Zestoako Atletismo Taldeak eta udalak elkarlanean antolatuta. Aurten, lehen aldiz, Iñaki Iruretaren oroimenezkoa izango da proba. Iazko ekainean hil zen Irureta, Herri Krosa antolatzen hasi zen lantaldeko kidea eta urte luzez Zestoako Atletismo Taldean ere lanean ibilitakoa. Horregatik, "bere bizitza guztian zehar atletismoagatik egindako lan guztia aitortzeko", Herri Krosa Iñaki Iruretaren oroimenezko bihurtzea erabaki dute atletismo taldearen kideek.

43. edizioa beteko du aurten Zestoako Herri Krosak. Martxoaren 19an, 10:00etan hasiko dira haurrentzako probak, eta 11:30ean helduenak. Lasterketa nagusietan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete dagoeneko, Herrikrosa.eus webgunean; bi izen-emate ireki dituzte antolatzaileek, 2,6 kilometroko lasterketarako bat, eta 8,5 kilometroko lasterketarako bestea